Berezkoa da: inori ez zaio gustatzen haserretzea. Horregatik, hamar herritarretik bederatzik nahiago lukete, etorkizunean, bi hizkuntza —Iparraldean, euskara eta frantsesa; Hegoaldean, euskara eta gaztelania— hitz egingo balira. Inkesta soziolinguistikoak galdetu du, eta inkestatuek erantzun politikoki zuzena eman dute. Politikoki zuzena bai, baina posible da?
Txillardegik esango luke ezetz, elebitasun soziala, edo diglosia, «mitoa» dela. Lurralde batean hizkuntza bat gailentzen dela lehenago edo geroago. Eta hori dela, azken buruan, Euskal Herrian gertatu dena: Gipuzkoa eta haren aldamenak dira salbuespen, ezen ez salbu daudenak.
Eusko Jaurlaritzak 1982an proposatu zuen Euskararen Legeak bestelako oinarria du: posible da lurralde batean bi hizkuntzek irautea. Hor jarri behar da helburua, gainera, inor haserretu gabe egiteko aurrera. EAJk aste honetan egin duen ekitaldian, horixe aipatu du Pedro Miguel Etxenikek: politika maximalistak —adjektiboa neurea da—erabaki balira, euskara ahulago legokeela gaur.
Inor behartu gabeko hizkuntza politika horrek eman ditu emaitza batzuk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: belaunaldi gazteak euskalduntzea lortu du, hein handi batean. Baina muga batzuk ere agertu ditu: heldu gehien-gehienek erdaraz bizitzen jarraitzen du, eta horrek gainerakoak erdalduntzen ditu.
V. Inkesta Soziolinguistikoak besterik ere azaleratu du: Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian benetan egoera kezkagarrian da euskara. Urtez urteko gainbeherak argi gorriak piztu behar lituzke, horretarako egiten dira eta diagnostikoak.
Inkestak erakutsi du, era berean, lau abiada behintzat badituela euskararen herriak: normalizaziorako joera hartu duten eremuak; gazteak euskaldundu arren erdaraz bizitzen jarraitzen duten eremuak; euskara galbidean dutenak; eta guztiz galdu dutenak. Bigarren eremuak badu lege babesik, baina hirugarrenak eta laugarrenak ez, eta horrek ere zerbait esango dio ulertu nahi duenari.
Soluzio bakar bat ez du aski izango euskarak, hortaz. Eremu bakoitzera egokitu beharko dute politikek, non lege babesa eskuratuz, non euskaldunberrituak motibatuz eta trinkotuz, non orain artekoak baino urrats ausartagoak eginez. Baztertu behar litzateke, adibidez, lurraldearen zati batzuetan euskara izatea hizkuntza ofizial bakarra? Behera ez erortzeko modu bakarra gora igotzea da aldapan dagoenarentzat.
Ikuspegi ezkorrak eta baikorrak agertu dira egunotan, inkesta soziolinguistikoaren emaitzak baloratzerakoan. Nork baditu bere arrazoiak. Baina euskarak denak beharko ditu: baikorrak, kuraia emateko; ezkorrak, diagnosiak eta ekimenak zorrozteko.
Eta, haserreak haserre, galdera bat argitzea komeniko da egunen batean, badaezpada ere, zuzentasun politikoak ahaztuta: etorkizunean hizkuntza bakarra gelditzekotan, zein nahi dugu galtzea? Eta beste hau: nola salbatu hizkuntza bat, bostetik bat kontra baldin badaude, eta lautik hiruk ikasteko asmorik ez badute? Ez da ezkortasuna, estrategiak zorrozteko beharra baizik.
Euskararen bilakaera, 1991-2011. Datuen azterketa. Analisia
Haserretu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu