Maite Elizondo.
PENTSALDIAN

Haserrea

2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
COVID -19a gure artean dagoenetik, horren aldaera ezberdinak ezagutzen eta aztertzen ari gara. Gure egunerokotasunean eragiten ari den aldaketei egokitzen ikasten daramagu garai gogor hau; harremantzeko, lana egiteko, ikasteko eta aisia bizitzeko modu berriak ezagutuz. Bizipen horiek gure emozioetan aldaera ezberdinak ere sorrarazten ditu.

Badakigu norberak sentitu ditzakeen emozioen eragile, gertatzen zaizkigun egoerez gain, norberaren izaera eta baliabide pertsonalak direla, besteak beste. Baina orokorrean pandemiaren atal ezberdinetan zenbait emozio nagusitu dira gizartean. Lehenengo itxialdi bortitzean beldurrak eta antsietateak harrapatu gintuzten ziurgabetasunarekin batera, emozio deseroso horien sortzaile COVIDa bera zelarik. Urtebete ondoren, neke pandemikoa zen gehien entzuten genuen sentsazioa, kokoteraino gauden inpresioa. Bizipen horren arduraduna COVIDa bazen, baina baita horri aurre egiteko kudeaketan hartzen ziren zenbait neurri ere. Azken hilabetean, berriz, zabalduenen sumatzen dudan emozioa haserrea da. Haserrea, osasun publikoko lehen arretaren egoera jasaezina delako, osasun langileak psikologikoki itotasun muturrekora eramanez, osasun sistema indartzeko baliabideen zain. Haserrea, haurrak positibo baten kontaktua izanik etxean egoteko neurria ezartzeagatik gurasoei txikiak zaintzeko baliabiderik eskaini gabe, aitona-amonak osasun fisiko eta osasun emozionalaren artean aukeratzera bultzatuz, txikiak bakarrik gera ez daitezen edo gurasoen lan egoera arriskuan egon ez dadin. Haserrea, ostalariei azken momentuan neurri zorrotzak ezartzeagatik, haien familia eta lanbideak sakonki minduz. Haserrea, zenbait kultur ekitaldi bertan behera uzteagatik.

Badirudi azken hilabeteko emozio sutsu horren eragilea ez dela COVIDa bera, ezarritako neurriak baizik, neurriak jarri bai, baina aurrera eramateko baliabiderik ez!

Haserrea emozio unibertsalenetako bat da, eraso digutela sentitzen garenean gure garunean eta gorputzean sentitzen dugun erreakzioa. Gustuko ez dugun zerbait pertzibitzen dugunean nerbio sistema aktibatzen da, sistema linbikoa martxan jarriz. Era berean, neokortexak haserrearen erantzunari neurria jartzen laguntzen digu, hausnartzeari tartea eskainiz.

Fisiologikoki erreakzioa sutsua da: bihotz taupadak, arnasketa eta tentsioa areagotzen zaizkigu. Sentsazio bortitz horri bidea ematen ikastea garrantzitsua da, modu eraikitzailean kanporatu dezagun, barruak toxifikatu gabe, bereziki norberarentzat garrantzitsuak diren beste esparru batzuk kutsatu ez daitezen. Beraz, sentitzen dugun haserrearen arrazoiak entzutea garrantzitsua da, horren kudeaketan gidari izan gaitezen.

Malcolm X-k zioen triste gaudenean ez dugula ezer egiten, negarra besterik; haserretzen garenean, berriz, aldaketak eragiteko gai garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.