Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Hari gorriak

2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ikasleen euskara erabilera eta kalitatearekin kezka adierazten duten ahotsak geroz eta argiagoak dira, COVID-19 aurretik bazeuden, eta etxealdiak ozendu egin ditu. Urriko azken asteazkenean Soziolinguistika Klusterrak antolatuta Nerabe eta gazteen hizkuntza errealitatea jardunaldietan aurkeztu ziren, euskararen sustapena helburu, Euskal Herriko txoko desberdinetan abian dauden 12 esperientzia. Hona ekarri nahi nituzke esperientzia horiek nire baitan sortutako elkarrizketa eta esperientzia desberdinak zeharkatuz marraztu nituen zenbait hari gorri.

Lehen hari gorriak hizkuntza-praktika eta bizitza-praktiken arteko loturari heldu nahi lioke. DBH hasiera eta unibertsitaterako sartze garaia omen dira hizkuntza mudantza gauzatzeko une gakoak, beraz, indar berezia egin beharko dugu garai horietan nerabe zein gazteek euskarari eusteko edota euskararatzeko. Horretarako, diziplina desberdinetatik aztertu behar genuke une horien nolakotasuna, horien baitan euskararen erabilerari esanguratasuna emateko.

Bigarren hari gorriak gogorarazten digu euskararen auzia politikoa eta kolektiboa dela. Nerabe eta gazteek gutxi omen dakite hizkuntza politikaz, euskara erabiltzearen hautua naturalizatua dute, eta ezinbestekoa ei da kontzientzia soziolinguistikoa lantzea eurekin. Horri lotuta gogoeta txiki bat, helduontzat gaztaroan euskaraz jarduteko baliagarri ziren arrazoiek ziurrenik ez dute balio egungo nerabe eta gazteentzat. Ariketa polita litzateke euskaraz bizitzeko arrazoibideak zeintzuk izan daitezkeen eurekin eraikitzea eta belaunaldi desberdinok euskarari eusteko izan ditugun arrazoiak elkarrizketan jartzea.

Hirugarren hariak diosku euskaraz murgiltze ereduak askotarikoak direla. Murgiltze ereduan Nafarroan eta Iparraldean familien euskaltzaletasunak badu indarrik, EAEn ostera eredu horren orokortzeak erronka berriak ekarri dizkio eskolari. D ereduaren zabalkundeak badirudi murgiltze ereduaren emaitzetan eragin zuzena izan duela, eta horrek eskatzen du euskararen irakaskuntzan sakontzea, komunikazio gaitasuna modu sistematikoan lantzea, egiteko modu berriak esperimentatzea eta ikertzea, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa gehiago sendotzea, irakasleak prestatzea...

Laugarrenak aitortzen du eskola ez dela nahikoa gure anbizioei erantzuteko. Nerabe eta gazteak euskaraz jarduteko gogoa izango badute, euskarak eskaini behar die euren identitatea eta bizimodua garatzeko behar duten lur ondua. Zein gazte kultura nahi dute sortu eta kontsumitu eta horretarako zein aukera eskaintzen dizkie euskarak eta euskal komunitateak? Garrantzitsua da nerabe eta gazteei espazioak eta denborak eskaintzea, modu jarraituan, euren interesetatik gertu, hartzaile baino sortzaile izanez... euskara bizi dezaten.

Euskararekiko arduraren erakusgarri dira eremu desberdinetatik erne diren ekimen txiki eta handiak, batzuetan euren arteko loturak eta hariak ez dira agerikoak, baina elkarren ondoan jartzen direnean azaleratzen diren argi-itzalek lagundu ahal digute etorkizuneko norabideak eta nolakotasunak denon artean finkatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.