Egunaren argitara dena da normala Eusko Legebiltzarrak osatzen duen parke tematikoan. Denak du funtsean betiko martxaren usaina eta kolorea: ohiko promesak, ohiko larderiak, salaketak eta begiz jotzeak, herri xehearen alaigarri. Ezerk ez dirudi naturaz gaindiko, harik eta ilunabarrak dekoratu faltsua atzaparka urratzeaz batera, paisaiaren barren beltza azaleratzen hasi den arte. Inframundua da nagusi orain.
Addams familiak, erreinuko jauregiaz jabetuta, Ateak Zabalik Gaua antolatu du arima galduen gozamenerako. Laura Morticia, anfitrioiaren rolean betiere, eskailera zabalaren erdian ageri da zurbil, soineko gotikoan ezin kabitu, senar Urkullu Addamsek besoa noiz musukatuko zain. Bizkarra flagelatu berri, jostailuzko trena lehertzeko sistema berria probatzen ari da hura, adorazioak gerorako utzita. Patxi maiordomoari, buruko torlojuak laxatu zaizkiola eta, tortura gelan bizpahiru sesio egitea otu zaio. Beste tenple batean doa orain, lorategiko arrosa gorriak errotik moztera. Freskagarri pozoitsuak prest utzi ditu hala ere, eta osaba Basagoiti-Fetidok zinez eskertu dio fideltasuna, shock elektriko batzuk eraginda.
Eta seme-alabak, ezkerreko hankaz jaikitzen diren izaki bakarti horiek, elkar akabatzeko aizkorak zorrozten ari baziren ere, tentetu egin dira, festa makabrora bildu diren gainontzekoak bezala, aurtengo gonbidatu nagusia, Agirre lehendakariaren mamua, paretak zeharkatuz agertu denean. Omenaldi inprobisatuan, dantzan hasi dira denak, hezurrak kriskitin eta kraskitin, Siniestro Totalen erritmoan: Y bailaré sobre tu tumba, uap, xurubeee uap, xuruaaa…
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan
Halloween
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu