Txillardegik esan zuen, eta egia bihurtzeko bidea hartu duela ematen du: «Emaitzak ikusita, abiadura moteltzen ari da. Egoera honetan, espero daitekeen maximoa geroz eta hurbilago dagoela dirudi, eta puntu txarrean gaude. Kurba behera joaten hasiko da horren ondoren. Badirudi erabilerak %15 inguruan planto egingo duela. Kurba horiek Irlandan ikusi genituen. %12ra iritsi zen, eta hortik behera joaten hasi ziren. Beraz, gauzak aldatzen ez badira, urte gutxitan ezagutza eta erabilearen maximora iritsiko gara. Oso maximo exkaxa da guretzat. Erabilpearen maximoa hein horretan gertatzen bada, kito».
Hamar ute joan dira elkarrizketa batean hori esan zuenetik, eta errealitatea Txillardegik seinalatutako uberan doa. 1997az geroztik, euskararen kale erabilera %13 inguru horretan dabil, dezima batzuk gora, dezima batzuk behera. Ezagutzaren datuak ere apaldu egin du goranzko joera: hamar urtean 2,6 puntu egin du gora. Euskal herritarren %32 inguruk omen daki euskaraz hitz egiten. Datu horretatik, eredu matematikoa eta estatistika aplikatuz, zer espero litekeen azaldu du Xabier Isasi EHUko irakasleak, kale erabileraren inkesta aurkezterakoan: herritarren %7,7k egingo du euskaraz, %33k euskaraz baldin badaki. Alde horretatik, euskal hiztunak hizkuntzari dion atxikimendua adierazten du erabilera %13an egoteak; estatistikoki espero zitekeena baino bost puntu gorago.
Iñaki Martinez de Luna EHUko irakasleak ñabardurei begiratzeko eskatu du. Ez da berdin hitz egiten euskaraz adin tarte guztietan, ez eremu guztietan, aldeak badira. «Mantendu, igo, jaitsi? Segun eta non». Aldagai asko daude. Eta ez da gauza bera kalean erabiltzen den hizkuntza eta beste eremu batzuetan erabiltzen dena: etxea, lagunartea, lana… Baina zerbait erakusten dute euskararen kale erabileraren datuek. Bat deigarria aipatzearren: Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, euskara baino gehiago entzuten dira gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuk. Gasteizen, arabiera gehiago entzuten da kalean, euskara baino.
Isasik utzi du oharra, Unescoren datua gogoraraziz: %33tik beherako erabilera duten hizkuntzak galtzeko arriskuan daude. Gipuzkoan eta haren inguruko eskualdeetan, hein horretan dabil euskara, kalean bederen; mugan. Gainerako eskualdeetan, gutxiengoei baino gutxiago entzuten zaie euskal hiztunei kalean. Eta, Isasik esan duen bezala esateko, «gutxiengo bada, dena baino gutxiago ikusiko da kalean». Euskal herritarren erdiak bizi dira Bilbon Handian, Gasteizen eta Iruñean. Horiek denek ez dute euskara entzun ere egiten kalean. Herritar gehienentzat ez da euskararik existitzen.
Euskararen kale erabilera egonkortu egin dela erakutsi du Soziolinguistika Klusterrak azken neurketarekin. Baina gehiago iradoki du: erabilerak ez du gora egingo, ez bada hiztun kopurua handitzen —edo hiztunei euskara kalean erabiltzeko aukera gehiago ez bazaizkie ematen—.
Klusterraren kale neurketaren datuak eta Inkesta Soziolinguistikoak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako utzi dituen emaitzekin gurutzatzeko momentua da; datuen atzean zer joera gertatzen ari diren aztertzekoa; hogeita hamar urtez normalizazio lanetan aritu ostean, erabileraren eta ezagutzaren sapaia pitzatzeko zer egin behar den argi eta beldurrik gabe hitz egitekoa. Uztailaren 16an eta 17an EHUren Udako Ikastaroetan arituko dira, hain justu gai horri buruz. Hango eta hemengo datuak eta iritziak aztertuz, sumatzen da euskalgintza une erabakior batera iristen ari dela. Gutxiengoak baino gutxiago ez izatekotan, azken hamarkadetan egindako lanaren balorazioa egiteko eta urrats ausartak adosteko momentua da.
Euskara. Kale erabileraren neurketa. Analisia
Gutxiengoak baino gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu