Orain hiru urte pasa Jesus Egiguren salda bat hartzen ari zen aterpetxe batean lagun batekin, eta telebistan, albistegietan, Pedro Sanchez azaldu zen hizketan. Ia urte erdi batlehenago utzi zuen Egigurenek PSE-EEko presidentetza, hamabi urtean karguan egon ostean, eta Sanchezek urte erdi bat pasa zeraman PSOEko idazkari nagusi, eta 2015eko hauteskundeetarako gobernuburugai zen. Egigureni lagunak galdetu zion ea uste al zuen Sanchezek emango zuen, Moncloara helduz gero, aurrerapausorik euskal gatazkaren konponbidearen ondorioen atalean. Egigurenek erantzun zion bere ustez baietz, baina zarata handirik ateratzeke hasiko litzatekeela horretan. Hiru urte ziren ETAk jarduera armatua behin betiko bukatutzat eman zuela, bainaartean ez zegoen armagabetua eta deseginda. PPk irabazi zituen berriro hauteskundeak —2015ean eta 2016an—, gehiengo osorik atera gabe. Bietan PSOE geratu zen bigarren, baina Kongresuko gehiengoa ez zen gauza izan, duela hiru aste bezala, bat egin eta, Mariano Rajoyren ordez, Sanchez jartzeko presidente.
Honek orain Espainiako hedabide talde publikoko elkarrizketan iragarri du beste espetxe politika bat garatzeko asmoa duela. Garrantzitsua da hori esatea, eta hedabide bati emandako aurreneko elkarrizketan esatea. Salda hartzen ari zela hura esan zuenerako, jakingo zuen zerbait Egigurenek haren asmoez. Gainera, ezin da ahaztu PSOE aurreko aldian Moncloan izan zenean, gobernuak 2005-2007ko prozesuan euskal presoen fitxa denak eginak zituela balizko mugimenduetarako, eta, prozesua hautsi ondotik, Langraiz bidea abian jarri zuela. Beraz, Sanchezen posizio hori ez da berria ere PSOEn.
Orain piezak alineatuago daude bestelako espetxe politika baterako: ETA iaz desarmatu zen eta desegin berri da, EPPK-ko kideak legediari jarraitzen hasi dira, Frantziako Justizia Ministerioa kartzela eremuan urratsak egiten hasi da, eta, Madrilen, PP ez dago agintean.
Ipar Euskal Herriko lan kolektiboa asko laudatzen da, eta zaila izango da lan molde bera garatzea Hego Euskal Herrian, baina Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan azkenaldian eman den jauzia ez da nolanahikoa. Kasurako, garrantzitsua izan zen 2016ko azaroan EAJk eta PSE-EEk Jaurlaritzako itunean kartzela politika desberdina eta espetxe eskumena aldarrikatu izana, garrantzitsua izan den bezala Nafarroako Parlamentuak aterabiderako jarrera agertzea —laster egingo du urrats berririk—.
Besteak beste, PSE-EEk eta PSNk emandako jauzia interesgarria da. PSEk darama lema, eta Rafaela Romerok du ardura, baina publikoki azaldu dira politikari sozialista gehiago norabide horretan. Artean Sanchez gobernuburu ez zela, Tontxu Rodriguez senatariak espetxe eskumena eskatu zion PPri, Senatuan. Eta jada Sanchez gobernuburu zela, PSEko bat baino gehiago mintzatu dira espetxe politika aldatzearen alde: Odon Elorza diputatua, Ramon Jauregi ministro ohia, Eneko Andueza Gipuzkoako idazkari nagusia... Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak —eta PSEko kideak— joan den astean iradoki zuen abiatu dezaketela beste espetxe politika bat. Sanchez presidenteak herenegun RTVEn esandakoak ofizialki baieztatu du Madrilek beste jarrera bat duela. Bada zerbait.
Kontuan hartzekoa
Dena dela, kontuan hartzekoa da nola heldu den Sanchez Moncloara, zer den PSOE Kongresuan—diputatuen %24—, eta han gehiengoak eratzeko zenbat borondate eta interes josi beharko dituen. ETA desegin zen egunean, eta oraindik Sanchez gobernuburu ez zela, «beste espetxe politika bat posible» dela esatearekin batera, Patxi Lopezek eman zuen pista bat: «Diskrezioa» eskatu zuen, eta «demokraten borrokarik» ez bilatzea parlamentuan; hots, «bozketa eta eztabaidekin» gehiengo-gutxiengo planteamenduak saihestea han.
Foro Sozial Iraunkorraren momentuko eskaerak dira beste pista bat, esaterako. Bost eskaera jarri ditu mahai gainean: larri gaixorik dauden euskal presoak askatzea —«humanizazio printzipioa»—; urrunketa politika bukatzea —ez du zehazki aipatu Hego Euskal Herriko espetxeetan batzea—; graduen progresioa; zigorrak pilatzea; eta Madrilek espetxe eskumena eta espetxe zaintzaren ardura igortzea tokiko gobernuei eta epaitegiei —hots, afera Barne Ministeriotik eta Auzitegi Nazionaletik ateratzea—. «Premiazko agenda» osatzeko neurriak dira, eta, ondo bidean, hor ere lehentasunak edota graduazioak leudeke.
Izan ere, gurpila martxan jartzea da kontua orain.
ANALISIA
Gurpila martxan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu