Duela 72 urte, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) apirilaren 7an Osasunaren Mundu Eguna izendatzea proposatu zuen. Urtero egun hori munduko osasunari buruzko hausnarketa egiteko eguna da eta bere helburua munduko gaixotasun hilgarrien gaineko kontzientzia sortzea eta pertsonengan ohitura osasuntsuak sustatzea da. Aurtengo leloak, Gure planeta, gure osasuna, norberaren eta planetaren osasuna hobetzeko hainbat ekintzari buruz pentsatzea ahalbidetzen du.
OMEren esanetan, urtero 13 milioi heriotza baino gehiago gertatzen dira prebeni daitezkeen ingurumenari loturiko arazoen ondorioz. Krisi klimatikoa bada osasun krisi bat. Adibideak askotarikoak dira: pertsona askok erregai fosilak erretzearen ondoko aire osasungaitza arnasten dute; planetaren berotzea dela eta, mikroorganismo ezberdinak transmititzen dituzten eltxoak edo beste bektore batzuk lehen baino urrunago eta azkarrago zabaltzen ari dira lurralde batetik bestera, horrek dakarren gaixotasun ezberdinen lekualdaketarekin; kutsadura eta plastikoak gure ozeanoetara ailegatzen dira eta gure elikadura-katean sartzen ari dira; elikagai oso eraldatuak eta osasungarriak ez direnak obesitatea, minbizia edo bihotzeko gaixotasunak areagotzea ekarri du.
Gobernuek eta erakundeek paper oso garrantzitsua dute gizartearen eta planetaren osasunean eta horretarako elkarlan indartsua egin behar dute. Neurriak diseinatu eta aplikatu behar dituzte energia berriztagarriak eta garbiak ekoizteko eta erabiltzeko, elikagaiak alferrik galtzea murrizteko, hondakinen ekoizpena eta plastikoen erabilera murrizteko, berdeguneak eraiki aire garbia bermatzeko...
Baina dena ezin da utzi beraien gain. Gutariko bakoitzak hartzen ditugun neurriek eta erabakiek (edo hartzen ez ditugunek) modu zuzenean eragiten dute osasunean. Norberaren osasuna hobetzeko bakoitzak hainbat gauza egin ditzakegu: ariketa aldizka egitea, ahal den neurrian oinez edo bizikletan mugitzea, oso prozesatuak dauden elikagaiak edo edariak ez kontsumitzea, etxean edo lantokian erabiltzen ez diren argiak itzaltzea, ez automedikatzea... Batzuetan ohiturak aldatu behar dira eta hartu beharrezko neurriak neketsuak izango dira, baina gure osasuna eta planetarena ate joka dago.
Pandemia honetan ikusi eta ikasi dugu, hala espero dut, planetako edozein puntatako osasun arazo bat planeta osoko arazoa bihur daitekeela ikaragarrizko abiaduran. Orain askorentzat pandemia erdi ahaztuta dagoen une honetan, ez ditzaten ahaztu beste pandemia baten mehatxua hor dagoela eta, etorkizun batean, ez dakigu guk edo gure ondorengoek sufritzeko arriskua egon badagoela.
Ez dakit oihartzun handia edo txikia izango duen egun zehatz honek, baina denok gogoeta sakon bat egiteko unea bada, eta badakigu konponbideak ez direla egun bakar batera mugatu behar, egunero eta une oro egin beharrekoak dira; azken finean, helburua norberaren eta, ondorioz, planetaren osasuna hobetzea baita.
PENTSALDIAN
Gure planeta, gure osasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu