Izaskun Etxeberria Zufiaurre.
Altsasuko auzia sei hilabeteren ondoren. IRITZIA

Gure kaleetatik gure kaleetara

2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Sei hilabete betetzen ditu gaur sufrimenduak. Bukatu ez den sufrimenduak.

Begi negartsu, begi gorriak. Begirada kezkatuak. Albisteen krudelkeria. Isilune adikorrak. Barne-min ikusezina. Kilometroen nekea. Latza suertatzen ari zaie zoritxarreko gertaeraren protagonistatzat hartu zituztenei eta horien gurasoei. Injustiziak elikatzen du oinazea, zigorraren proportzionaltasun faltak eta mehatxuaren bidegabekeriak areagotzen duena. Gogorra suertatzen ari zaigu herritar askori, heldu zein gazteri, familiarteko, lagun, ezagun edo aldamenekoari.

Irain handia dario egoerari.

Hala, sufrimendua kolpearen erdigunetik kanpora zabaldu bezala, kanpotik barnera, uhinak bailiren, minak, haserreak, suminak eta amorrazioak bat eginik elkartasuna sortu zuten lehenengo unetik, zenbat eta gertuago orduan eta handiagoa; geroago, urrutiko atxikimenduekhandiagotuko zutena. Besarkada maitekorrak, eskutik heltzearen keinu diskretu bezain adoretsuak, hitz saiatuak, begirada solidarioak, isilune adikorrak gorpuztu ziren protagonistatzat hartu zituzten gazte eta gurasoen kemenarekin bat egiteko.

Eta elkartasun horrek sortu, babestu eta goxatu egin du herri oso baten inplikazioa. Komunikabide ezjakin eta interesatuek larrutu zuten eta zatitzen ahalegindu ziren herri berberaren inplikazio zentzuduna eta begirunetsua, indarkeriarik gabeko indar erakustaldia emanez. Historian zehar ere egoera gogorrak pairatu dituen herri anitz eta duina; orain, inoiz baino elkartuago dagoena, bertako elkarbizitza pitzatu baino sendotu egin duena.

Sufritzen ari direnen ondoan eta hitza ardatz eginez, kirolak eta kulturak aske sentiaraziz, dinamika sortzaileek aldarrikapen gazteak biziagotuz, Altsasuko herriak segituko du aldarrikatzen ez dela terrorismoa, gure kaleetatik mugak gaindituz eta zentzutasunaren esperantzaren zirrikituari helduz. Aurrerago gure kaleetara bueltatzeko, amesgaizto hau ahalbideratu duten faktoreak inongo plazan inoiz ere gehiagotan errepika ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.