Asko izan dira lehenbiziko Korrika antolatzen egin ziren lehenbiziko urrats horietatik hona gertatutakoak, asko parte hartu ditugunak eta, nola ez, antolaketan buru-belarri aritu direnak, ibilbidea prestatzen, bere herritik pasatu ez denean haserre bizian kexa azaldu dutenak, ordu txikitan Euskal Herriko errepideetan egon direnak Korrikari eta euskarari babesa ematen, umeak eta helduak, adin guztietakoak, ideologia ezberdinak, denak batera euskararen alde.
Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera eta munduan nor izateko modua. Halaxe da, bai. 20. edizioa martxan da jada, eta mezua barreiatu egin da Euskal Herrian ez ezik mundu osoan zehar ere.
Pentsaezina da Korrika egitea herriz herri osatzen diren batzordeetan parte hartzen duten laguntzaile horiek gabe. Auzolana eta gogoa, norberaren herriak eskaintzen duen guztia azaleratzen da egun zoragarria izan dadin. Ilusioa urtetik urtera mantendu egin da, eta Korrikaren indarrak bere horretan dirau. Baina ezin dugu ahaztu hastapenetan, hasieratik planteatutako helburuak eta herri honek duen euskararekiko konpromisoak noraino eraman behar gaituen alegia. Euskararen berreskurapenean ez dago gelditzerik. Presazkoak dira egin beharreko urratsak. Korrika ez da bi urterik behin Euskal Herria, gau eta egun, gelditu gabe, lekukoa eskuz esku, zeharkatzen duen herri lasterketa, nahiz eta aurretik ere Korrika Kulturalaren bitartez kultura eskaintza anitza eta zabala eskaintzen duena. Korrika askoz ere gehiago da, eta bat zuk, batzuk beharrezkoak dira. Tamalez, herri honetan euskaldunak gara elebidunak, baina elebidun denok izan gaitezen urrats sendoak egitea ezinbestekoa da.
Bide horretan, euskararen erabilera da gakoetako bat; euskaldun zein euskahaldun guztion konpromisoa beharrezkoa da, baina hori ez da nahikoa izango euskalduntze prozesuan eman beharreko pausoak eman gabe. Euskararen berreskurapena ez dugu lortuko helduen euskalduntzean urrats sendoak egin gabe. Euskara komunikazio hizkuntza da, eta denoi dagokigu konpromisoa hartzea, Korrika amaitu ostean ere, familian, lagunartean, aisialdian zein lantokian, etxean eta kalean, munduan ere beharrezko tokia izan dezan.
20. Korrika. NIRE LEKUKOA
Gora Korrika!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu