Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren itzulia. Analisia

Gogoetarako hiru puntu

2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Bat. Sozialistak garaile atera dira Lapurdiko herri gehienetan, eta bi barrutietan diputatu sozialistak izango dira. Hala ere, azpimarratzekoa da Lapurdin bi herritan baino ez daudela alkate sozialistak. Gainontzeko gehienetan zentro-eskuina da nagusi, edo, etiketarik gabekoak dira (horiek ere eskuinekoak, normalean). Auzapezek ez dute inolaz ere nahi alderdi politikoen siglarik beren gibelean. Politika kutsua hartzeari beldur diote; beraz, aski dute sostengu arin bat ekartzea hautagai bati edo besteari, eta horretan bego! 2014ko udal hauteskundeak benetako aldaketaren termometro izango dira.

Bi. Notable kastaren amaiera gauzatu da hauteskunde hauetan. Donibane Garaziko Intxauspe edo Azkaineko Luberriagaren garaiak pasatu zirela zirudien arren, oraindik baziren arrasto batzuk. Horietarik notableena dugu Michele Alliot-Marie. Jadanik 1986an aurkeztu zen diputatu izateko, eta baita erdietsi ere. Ordutik bere eremua bere erreinu gisa baliatu du, notableek egiten duten moduan: faboretxo bat han, faboretxo bat hemen, eta odolkiak ordainetan.

Hiru. Abertzaleen gaiak presente izan dira kanpaina honetan, inoiz baino gehiago. Euskal Lurralde Elkargoa, euskararen ofizialtasuna, presoen gaia edo Anza afera. Kazetariek akuilatutako elkarrizketa politikoetan, lehen lerroan izan dira horiek. Baina kazetarien galderen hautua ez da izan abertzaleen lagunak direlakoz, agenda politikoan gai horiek sartu direlako baizik. Eta hori da abertzaleen meritu handiena: Ipar Euskal Herrian hasi den garai berri honetan, abertzaleek mahai gainean jarri dituzten dosierrak ez direla jada abertzaleen kontuak, denen kontuak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.