Hauteskunde bezperan erdi jai eman ohi zaiela eta, inguru-minguru neutralagotan agertuko zaizkigu gaur lehendakarigaiak, egunerokotasun susmagarriki ederrean, etxekoi, xume, hurbil eta onbera. «Ni bai eredugarria», xuxurlatu nahiko digute belarrira, mezu subliminalak nola, nork bere klabean, beharbada familia ezkutu gisa aurrean jarrita, edo Marca-k oparitutako La Roja zira soinean dutela, bidegorrian paseoan, edo kirolean, edo lagunartean, edo sukaldean, edo zikiro festan, inoren azpiko prakak eta kulotak garbitzea sekula ikasi gabekoen zerrendan paratuko badute ere.
Karrera politikotik at utzi dituzten ertzei errentagarritasuna aterata, biharko gaua biribiltzera joko dute gero. Beren sokako jendeak txaloka bibaka orroka goratzen dituenean, zer esan behar duten, zer esatea komeni den, hausnartu beharko dute plano jasoagoan; eta garaipen keinuak, euforia tonuak, emozio malkoak ispiluaren aurrean entseatu, Oscarretako gala ergelean gonbidatu garrantzitsuenak balira bezala: And the winner is…
Niri, berriz, isiltzea dagokit. Talaia honetatik jaurtitzeko batu ditudan granitozko harriak hurrengo baterako gordetzea. Txiste merkeak neure buruari aplikatzea. Bakarren bati, akaso, barkamena eskatzea. Zintzoki, merezitakoa behinik behin opa izatea, Tapia eta Leturiaren Juergasmo hura burutik kendu ezin dudan honetan:
Emazu botoa / ez izan tontoa / horrenbestekin nahikoa./ Izan praktikoa/ demokratikoa/ bota zazu betikoa// Eromerian/ eromerian/ bizi gera bizi/ guk zer gura, hura uka...
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan
Gogoeta eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu