urtzi urkizu
Iñaki Suso. Nafarroako Liburuzainen Elkarteko presidentea

«Gobernuak ez dizkigu baimenak ematen euskara ikasteko»

2013ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Allon (Nafarroa) hainbat urtez lan egin ostean, abuztutik Vianako liburutegian ari da beharrean Iñaki Suso (Bilbo, 1972). Liburutegi horretara erromes asko joaten direla jabetu da berehala.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak salatu du Etxarri Aranazko eta Elizondoko liburutegiek ez dutela euskaraz dakiten liburuzainik...

Bai, mesedegarria izango litzateke erabiltzaileentzat jakitea. Nafarroako eremu euskaldunean herri batzuetako liburuzainak ez dira euskaldunak, baina saiatzen dira euskara ikasten. Nafarroako Gobernuak ez ditu liburuzain euskaldunak bidaltzen. Langileak euren kabuz saiatzen dira euskara ikasten.

Liburuzainek euskaraz ikas dezaten ezin al da zerbait gehiago egin?

Kontua da Nafarroako Gobernuak ez dizkiela langileei baimenak ematen euskara ikasteko. Askotan, udalak edo euskara zerbitzuak izaten dira langileei gauzak errazten saiatzen direnak.

Baztanen, gatazka dute udalak eta Nafarroako Gobernuak, liburuzainak euskara hobetzeko eskolak hartu nahi dituelako. Zertan da auzi hori?

Adibide garbienetakoa da Baztanen gertatzen dena. Udalak euskara irakatsi nahi dio liburuzainari, liburuzainak ikasi nahi du... baina Nafarroako Gobernuak, ez.UPNren gobernuak ez dio langileari baimenik ematen liburutegitik kanpo ikastera joateko. Eman nahi duen baimen bakarra da euskara on line ikasteko. Guk uste dugu horrekin ez dela nahikoa, hizkuntza beste modu batean ikasi behar dela.

Liburuzainen oposizioetan euskara ez da meritu gisa kontuan hartzen.

Ez da kontuan hartzen, ez. Liburuzainak lekuz aldatzeko azkeneko lehiaketan tituluak onartu zituzten, eta ingelesezko eta euskarazko tituluak meritu gisa hartu zituzten. Baina oposizioetan euskara ez da aintzat hartzen. Oposizioetara edonor aurkez daiteke. Batxilergoa ikasi izana da baldintza bakarra.

Zuen elkarteak eskatzen du Bibliotekonomia eta Dokumentazio diplomatura izan beharko luketela liburuzainek. Zergatik?

Beste erkidego batzuetan ikasketa horiek eskatzen dituzte liburuzaina izateko, baina Nafarroan ez dute halakorik eskatzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskatzen dituzte ikasketa horiek, esate baterako. Erabiltzaileek asko eskertuko lukete liburuzainak prestatuago egotea. Titulu horiekin liburuzainek zerbitzu hobea eman dezaketela iruditzen zaigu. Zoritxarrez, Nafarroan ez dute hori aintzat hartzen.

Duela hilabete batzuk Espainiako politikari batek liburutegien aurkako adierazpenak egin zituen, «ekonomikoki errentagarriak» ez zirela nabarmenduz...

Politikari horrek esan zuena gezur galanta da. Ikerketa bat egiten ari gara, erakusteko liburutegiak ekonomikoki errentagarriak direla. Liburutegietan gastatzen den euro bakoitzeko ia lau itzultzen zaizkio gizarteari. Ikerketa urriaren amaieran aurkeztuko dugu, jardunaldi profesional batzuetan, Iruñean. Datuekin erakutsiko dugu liburutegiak errentagarriak direla.

2009. urtean Iruñeko eta Barañaingo udalek BERRIA erosteari utzi zioten liburutegietan. Izan al da erabaki horretan aldaketarik?

Ez, Iruñean eta Barañainen oraindik eusten diote zentsura horri. Gainontzeko liburutegietan ez da halakorik gertatzen, eta liburuzainek nahi dituzten egunkariak erosten dituzte udalaren diruarekin. Langileen iritzia errespetatzen da beste herrietan. Iruñeko eta Barañaingo zortzi liburutegitan zentsura hori dagoenez, erabiltzaileak hasi ziren BERRIA eta Gara haien kabuz erosten eta aipatutako liburutegietara eramaten. Oraindik horretan jarraitzen dute erabiltzaileek.

Nafarroako Liburuzainen Elkarteak zer erronka ditu etorkizunari begira, eta zer hausnarketa egiten duzue?

Elkartea saiatzen ari da langileen egoera hobetzen. Langileen baldintzak hobeak badira, badakigu hori erabiltzaileen mesedetan izango dela. Bestalde, erabiltzaileak gurekin pozik badaude, gure defendatzaile hoberenak izango dira. Erabiltzaileak gustura izatea gure zerbitzua defendatzeko modurik egokiena izan daitekeela iruditzen zaigu. Ideia hori dugu barneratuta: politikariak ez, baizik eta liburutegietako erabiltzaileak dira gure defendatzailerik onenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.