arantxa iraola

Gizon obedienteak

2024ko irailaren 8a
14:30
Entzun

Ordu desberdinetan desfilatu arren, Hondarribiko Udalak alarde egunerako emana zuen ebazpenaren arabera alardeak eta Jaizkibel konpainiak batera egon behar zuten gaur Gernikako Arbolako zelaidian, abiapuntuan. Argazki bilatua izan da, desiratua. Izan ere, hain luzea eta malkartsua den gatazka honetan, keinu berri bakoitzak badu indarra hautu parekidea sendotzeko bidean. Baina goizean goizerako ikusi da alarde baztertzailearen antolatzaileek berariaz mezuren bat emana zutela agindutako orduan han ez agertzeko: bakarrik uzteko Jaizkibel. Eta alarde baztertzaileko gizon gehienek obeditu egin dute. Esaneko.

Guztion Alardeak taldeak propio egina zuen konpainia parekideari oles eta txalo egiteko deia, baina espaloian alardeko kide bakan batzuk elkartu dira beren-beregi Jaizkibeli txalo egiteko. Gainera, ez dute egin nahi izan adierazpenik beren keinuaren indarraz ohartarazteko, beren ahotsa nabarmentzeko. Alarde barruan dagoen jendeak sortutako talde honek urteak daramatza ahaleginak egiten barrutik gauzak mugitzeko, eta zinetan aintzat hartzekoa da mugimendua, baina irailaren 8a heltzen denean, urtero, argi geratzen da alardeko gizon gehienek erraz obeditzen dituztela hautu baztertzailea betikotzea helburu duten irizpideak, eta oso zaila dela hor bide berriak urratzea.

Guztion Alardea taldeak aurten hauxe hautatu du bere mezuak zabaltzeko lelo gisara: Gorrotoaren aurrean, maitasuna. Eta hitz gogorra da gorrotoa, baina ezinikusia benetakoa da: ukitu egin daiteke, airean dago. Alarde baztertzaileren aldekoek berritu eta berriz erakutsi dute gaur, esaneko jokatu eta Jaizkibelen ondoan ez agertzea erabaki dutenean, adibidez. Eta aste osoan hauspotu egin dute alarde baztertzailea antolatzen dutenek ere, alkatearen aurka gogor jardun dutenean, erasokor, alarde egunerako propio eman dituen ebazpenen harira.

Sarri hitz egin da erakunde publikoen jarreraz, haiek usu hautu parekidearen alde argi eta irmo egin ez izanak gatazka honen betikotzean eta gaiztotzean izan duen eraginaz. Benetakoa da eragin makur hori, eta, alde horretatik, txalotzekoa da, esaterako, aurten Hondarribiko Udalak arlo administratiboan urratsak egin izana Jaizkibelen tokia nabarmentzeko. Baina erabaki administratiboen bidez bakarrik ez da helduko aldaketa. Gizartean lanketa sakon bat ere egin behar da, hala ulertzeko milaka gizonek eta haien inguruan dabiltzan emakumeek zergatik obeditzen dituzten hautu baztertzaileak emandako jarraibideak isil-isilik, nola hor eragiten ahalegintzeko.

Besteak beste, hautu parekidearen inguruan eraikitako mitoak deseraiki behar dira, eta parekidetasuna herriko jaietan ere lehenetsi beharreko hautu gisa defendatu, argi eta garbi, urte osoan. Hor aurrera egite aldera, tabua ere apurtu behar da, gai honen inguruan oso indartsua izan baita. Irunen eta Hondarribian, bietan argia da hori. Eskoletan, elkarte askotan, gai minbera izan da alardearena, eta horregatik, bereziki hautu baztertzailearen aldekoen bidez, isilarazi egin da.

Jaizkibelek egin dituen aurrerapausoez hitz egingo da gaur berriro. Eta nabarmendu egin behar da konpainiak egin duen indar erakustaldia, eta jaso duen babesa. Hunkigarria da gizon eta emakume horiek guztiak, hain harro, gero eta babes handiagoarekin, desfilatzen ikustea. Jaizkibel sendotuta ere, ordea, herriko jende askok oraindik hautu baztertzailearen alde egiten du, eta hor buru ari direnek gaur argi utzi dute berriro zer-nolako boterea duten: nahi dutena egiteko, eta desfile parekidea gutxiesten jarraitzeko.

Bi alardeen hautua gailentzea ekar dezake horrek, eta Irunen egindako hautua Hondarribirako ere egokia izan daitekeen usteak indarra hartzea. Baina Jaizkibelek beti adierazi du argi helburua: sakoneko aldaketa bat nahi dute, alardea bera eraldatu, berriz publikoa izan dadin, eta parekidea. Eta hor eragiten ahalegintzeko, zuztarretara begiratu behar da, hautu pribatu eta baztertzailearen jarraibideen aurrean hain esanekoa ez den gizarte baten bila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.