jokin sagarzazu
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa

Gipuzkoako ispilua

2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina honetako fokuetako bat Gipuzkoan dago. Zehatzago izanda, Foru Aldundian Bildu egiten ari den kudeaketan edo politika egiteko eredu berrian. Logikoak dira boterean dauden alderdien aurkako kritikak. Halere, alderdiek beti behar izaten dute ahuntz buru bat, euren beldur eta gabeziak estaltzeko. Hauteskunde kanpainetako logikan sartzen da hori. EH Bildu Eusko Jaurlaritzara iristen bada, koalizioak Gipuzkoako «desgobernua», «nora eza» eta «inposizioa» ekarriko dituela diote. Baina Bildu ez zen Foru Aldundira iritsi gehiengo absolutua zuelako, eta EH Bildu Eusko Jaurlaritzara iristen bada, ez du izango. Ez EH Bilduk, ez beste inork.

Tentsio handiko urtea izan da Gipuzkoako instituzioetan, baina oposizioko alderdien estrategiak botoetan islarik izango duen ikusteko dago. Inkestak alde ditu koalizioak. Higatzeko asmoa ageriko da. Hori da politikaren jokoa. Baina jeltzaleen eta sozialisten helburu nagusia ez da EH Bilduren boto-emaileak erakartzea. Beraien boto-emaileak ez galtzea, joandakoak edo etxean geratutakoak berreskuratzea baizik. Beraien boto-emaileak aktibatzea, alegia. Besteen «gabeziak» erabiltzen dituzte beren «dohainak» nabarmentzeko. Horregatik, EH Bildu aipatzen dutenean, beti erabiltzen dute hirugarren indar politiko bat. Martin Garitanoren gobernua eta Patxi Lopezena lotzen ditu Urkulluk, haiek ez bezala, jeltzaleak «kudeatzaile onak» direla nabarmentzeko. Sozialistak, aldiz, Ibarretxe lehendakariaren mamua zabaltzen ari dira, «Gipuzkoan bezala» Gasteizen ere abertzaleek bat egingo dutela azpimarratuz.

«Gipuzkoa abertzaletasun erradikalaren laborategia da», esan du Lopezek. Eta, neurri batean, arrazoia dauka. Badaki zertaz ari den. Ez da berria. Askotan aipatu izan da euskal politikagintzaren laborategia dela Gipuzkoa. Eta izateko bidean dagoela dirudi. Baina ez Lopezek dioen eran, soilik. Aurreikuspenei kasu egiten badiegu, Gipuzkoako indar korrelazioa Gasteizko legebiltzarrean errepikatuko dela dirudi. Gehiengo abertzale bat (EAJ+EH Bildu), ezkerreko beste bat (EH Bildu+PSE-EE), eta hirugarren bat (EAJ+PSE-EE). Oraingoz, Urkulluk ez du argitu EH Bildurekin akordiorik egingo duen, eta Lopezek ez duela egingo hitz eman du. Bozen emaitzek, baina, argituko dute bidea.

Pisuzko erabakiak hartuko dira datozen lau urteetan. Alderdi guztiak ari dira esaten akordio zabalak beharko direla. Eta horretan eredu izan da Bilduren politika Gipuzkoan. Batzuekin zein besteekin, eta denekin beste batzuetan, akordioetara iritsi da koalizioa. Eta horretaz jakitun dira Lopez eta Urkullu. Sakontasun handiko erabakiak hartu dituzte, gainera, Bildu instituzio horretara iritsi zela urtebete baino pasa ez denean. Azpimarratzekoa, bakegintzarako lantaldearen sorrera. Aurretik, bazterketarik gabeko elkarrizketen aldeko mozio bat onartu zuten, PPk ez beste alderdi guztiek. Testuan, Aieteko Adierazpenaren balioa nabarmentzen zen. Ondoren etorri zen lantaldearen sorrera. Gasteizen lortu ez zutena, Gipuzkoan erdietsi zuten. Indar guztiek, PPk barne, babestu eta parte hartuko dute lantaldean. Sukalde lan handia egon zen atzean, fokuetatik urrun, eta emaitza hor dago. Ziklo berriak, gehiengo berriak exijitzen ditu, eta hori posible dela erakutsi dute Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.