Beñat Zarrabeitia.
'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia. Iritzia

Giltza herrritarrengan dago

2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Berria jakin eta baieztatzean, ezinbestean nire lehen pentsamenduak 197/2006 doktrina aplikatuta daukaten presoen senideentzat izan dira. Eurak izan baitira zigor erantsiari zigor gehigarri eta ilegal baten aplikazioaren ondorioak pairatu behar izan dituztenak, aspaldi kalean egon beharko luketen hainbat euskal preso politikoekin batera.

Zaila da irakurketa juridiko sakonak egitea jurista izan gabe, baina sozialki euskal jendartearen nahiaren garaipen bat dela esan daiteke. Izan ere, ziur nago hau guztia ezinezkoa litzatekeela azken urteetan giza eskubideak, espetxe politikaren aldaketa, konponbidea eta bakearen alde indarrak metatu, enpatiak sortu eta mobilizatu diren herritarrak gabe. Eta horra hor giltza nagusia, pertsonen eskuetan dagoela esango nuke. Guztion ekarpenek —ahal den neurrian eta batzen gaituztenetatik abiatuta— berebiziko garrantzia dutela sinetsi behar dugu. Euskal jendartearen baitan antolatzen diren gehiengo zabalek, tantaz tanta, egun indarrean dagoen espetxe politikaren erabateko aldaketa ekarriko dute. Borondate eza, eskubideen urraketa, immobilismoa eta inboluzionismoa ardatz duten Gobernuen aurrean, ezinbestekoa da esparruka, sektoreka, indibidualki eta kolektiboki dinamika euskal presoen eskubideen aldeko dinamika eraginkor eta zabalak osatzea.

Aldaketak, sarri, oharkabean iristen dira. Aspalditik erori eta bustidura sortzen duen euri finaren ondorioz. Herritarrak konponbide nahiarekin blaitu beharra dago, soilik horrela lortuko baitugu espetxe politikak bakea erdiesteko suposatzen duen harresia eraistea.

Espetxe politikaren altzairuzko teloiaren atzean, hainbat eskubide urraketa ahalbidetzen dira oraindik. Sufrimendua eragin eta gatazka elikatzen duten salbuespeneko neurriak dira. 197/2006 doktrina aplikatuta daukatenen kasua modu positiboan konpondu behar da orain, baina ezin dugu ahaztu sakabanaketak astebururo ehunka pertsona errusiar erruleta maltzurrean murgiltzen dituela edo gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoen egoera bortitza.

Kartzelak husteko garaia da, horregatik, egunotan egiten ari diren epaiketa eta prozesuak ere amaitu beharra dago. Gobernuei itxaron gabe, herritarrok konponbidearen aldeko olatu geldiezina eratu behar dugu. Konponbidea eta bakea erdiestea, guztiontzako albisterik onena baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.