Haizea zerion astearteari, martxoaren 22an. Edo haizea zekarren astearte horrek. Irudi literario ugarirekin jolasteko aukera eskaintzen zuen pasadizoak, eta hautua erraza ez. Hori bai, zakarra zen haizea. Eta hotza. Hodei ilunak zeruan, grisen paleta kromatiko zabala. Deseroso zetorren eguna. Zerbait adierazi nahi izango balu bezala, ezkutuko zerbait.
Arratsaldean jakin nuen George (George Agerre Gaintza, ezpeletarra) hila zela. Astebete lehenago Kanboko Marienia klinikan ginen, errekuperatu ondoren laster etxera eramango zutela eta, ordurako planak egiten. Handik egun gutxira berriro Baionako ospitalera itzuli zutela jakin nuen, infekzio baterako tratamendua jasotzera. Han zelarik, ez zen modurik berarekin mintzatzeko, osasun isolamendu zorrotza tarteko. Herenegun esan zidan Aña Mari lagunak hobetzen ari zela. Aña Mari bera izan zen hurrengo egunean berri txarra eman zidana.
Sartu-irten larriak egin izan ditu Georgek ospitaletan, baina ez azken hau bezain luzeak. 2021eko abenduaren 27an joan zen bizkarrezurrean ebakuntza larri bat egin ziezaioten (ugari izan dira ebakuntzak bere azken urteetan, larriak denak). Ebakuntza ondo joan zen, baina jarraian bihotzeko krisia jasan zuen eta koman egon zen, ez dakit zenbat denboran. Gainditu zuen egoera, mirakuloski dirudienez. Eta ospitaletik irten ondoren Kanboko bi klinikatan egon da, bizitza normala edo, egiteko moduan jar zedin. Azkenean, egitarautik kanpo zegoen infekzio horrek eraman du.
Osasuna ez zuen inoiz lagun izan. Haurtzaroko polioa lehenago, bihotzeko ahulezia gero, etengabeko joan-etorrian ibili zen azken urteetan ospitaletan.
Militantea zen George. Hil arte. Bizitzaren aldeko militante. Bizitzeagatik arnas haririk ahulenari ere heldu eta etekina ateratzen zekien horietakoa. Basamortuko landareak omen dira horren adibide, ur izpirik makalenari dagokionean. Eta gero, behin krisialdia gaindituta, intentsitatez bizi behar zuen. Erdibideek ez zuten balio beretzat.
Beste era bateko militantzia ere izan zuen, urte luzez. Ageriko militantzia zein sasikoa. Txominen eskutik hasi omen zen horretan, harik eta Bidarteko erorketa iritsi arte, 1992ko martxoaren 29an. Handik gutxira atxilotu zuten, kartzelan izan zen urtebete inguruz eta han eman zion lehen bihotzekoak. 2006ko maiatzean epaitu zituzten Bidartekoen harira atxilotutakoak. Georgeri urte bateko kartzela egokitu zitzaion. Ez zuen bete behar izan.
François Mitterrand sozialista zen Frantziako Errepublikako presidente George atxilotu zutenean. Artean, ezaguna zuen Danielle, presidentearen emaztea. Behin baino gehiagotan mintzatu omen ziren kafe baten inguruan biak, Parisen. Alderdi sozialistan (PSF) ere ibilia zen garai batean Ezpeletakoa, Txominen aginduz. Hala kontatzen zuen berak behintzat.
Zazpi senideko familia batean jaiotakoa zen. Lau emakume eta hiru gizonezko. Bera lehena hiltzen, 73 urterekin. Enbor bereko ezpalak dira zazpi Agerre-Gaintzatarrak. Aita, Antonio (Nafarroa Garaiko Maia herritik bere garaian Iparraldera joandakoa Espainiako Armadako soldadutza zerbitzutik ihesi), «Comet» sareko kide izan zen. Ama, Maixan, seme-alaben sasiko lanetan lagun. Christianne, Beatrice, Armand… neba-arrebak beti ziren han, poliziatik ihesiko estualdietan norbaitek laguntza behar zuenean.
Ez hain gertukoa, baina familia zuten Vatikanoko diplomazian arrakasta handiz ibilitako monsiñore bat ere, Etxegarai kardinala, Maixanen lehengusua.
Ez zuen bere gorpua errausterik nahi Georgek. Arina izan bekio Ezpeletako hilerriko lurra. Agnes Souret, 1920an Miss France hautatu zuten emakume ezpeletarraren hilobitik gertu ehortziko dute. Gaur izanen da, ostiralez, goizeko 11:45ean. Agur eta ohorezko hileta ekitaldia, lagunartekoa, hemendik egun batzuetara.
IRITZIA
George, haize laguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu