Maitane Nerekan Umaran.
PENTSALDIAN

Gaztetxea, gure ikastetxea?

2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Noiz izendatzen dugu espazio bat ikastetxe? Zerk egiten du etxe bat ikastetxe? Asteburu honetan herriko Gaztetxearen urteurren ospakizunekin lagunartean gozatzeko pribilegioa izan dut, gazte eta betigazte artean. Hezkuntza komunitateko kide gisa, guraso zein irakasle begiradatik, pobreegi deritzot ofizialki ikastetxe izendatzen ditugun lau hormako espazio fisiko zein erakunde horien eta herriko eragile sozial, kultural eta politikoen arteko harremanari. Salbuespenak salbuespen, betiere.

Ikaskuntza konpetentzialaren ideia nonbait bere osotasun eta handitasunean zer den ulertu badut, herri-mugimenduko eragileetan izan da; izan, auzo elkarte, gazte asanblada, jai batzorde, dantza talde, kirol klub, rol-joko elkarte, kolektibo ekologista edo asanblea trans-maribi-bolloa. Aktibismoak, militantziak, boluntariotzak edo deitu dezagun nahi dugun bezala, gure jakintza, inguratzen gaituen errealitatearen zerbitzura jartzera behartzen gaitu, ezagutza berriak elikatzearekin batera. Elkarteko estatutuak erredaktatzen, txosnako aurreko kontuak egiten, dantzaldirako baimena udaletxean erregistratzen zein asanbleako gatazkei konponbidea bilatzen, konpetentzia matematikoak, zibikoak, ikasten ikastekoak, linguistikoak eta gainontzeko guztiak aktibatzen ditugu, matematikako azterketan deribatu partzialak egiten edo filosofiakoan San Agustinentzat libre albedrío zer den azaltzen baino askoz gehiago. Horrez gain, bertan ematen den hezkuntza emozionala, belaunaldi arteko kultur transmisioa, gaixotasun mentalen prebentzioa zein inklusio lana, ez dugu eraginkortasun berarekin egiten ikastetxeko lau horma zurrunen artean. Ez, behintzat, aldaketa kualitatibo sakonak egiten ez baditugu gure hezkuntza sistemetan. «Ni Gaztetxeak salbatu ninduen», esan zuen batxilergoan 9 suspentso atera eta «ikasle txarren» estigma poltsa horretan sailkatutako lagun batek. Ez zen arlo akademikoaz ari soilik; droga menpekotasunaz, esklusio sozialaz, apatiaz eta beste arrisku anizkoitzez ere ari zen.

Zergatik ez ditugu espazio fisiko zein sinboliko horiek guztiak ikastetxe gisa legitimatzen? Nola eraiki dezakegu eskolen eta herri eragileen arteko harreman atzeraelikatzailea? Zein arrisku eta zein abantaila izan dezake saretze horrek? Batzuk eskola politizatzeko mehatxuaz ariko dira arriskuak zerrendatzean. Ez zaie arrazoia faltako. Heziketa prozesuak lau hormen arteko espaziotik eta norabide bakarreko edukien transmisiotik baino askoz haratago doala pentsatzeak, hezkuntza ulertzeko posizio politiko-pedagogikoa da. Gainera, kolektiboak indartzen gaituela aldarrikatzen duen ideia, izan gure aisialdia antolatzeko, desobedientzia zibilerako, elkarbizitzarako zein gure ekonomia sostengarriagoa egiteko, indibidualismoaren ideologiari aurre egiten dion posizio politikoa da baita ere. Curriculumetatik eta gure praktika hezitzaileetatik ume eta gazte kritikoki autonomoak hezituko bagenitu eta gure herrietan dagoen errealitate anitzaren argazkia emango bagenie, hori ez litzateke mehatxu izango. Ez genioke beldurrik izan beharko politika ikasgelan sartzeari ikasle kritikoki osasuntsuak bagenitu aurrean eta dogmatismotik eta partidismotik at egingo bagenu. Polisaren kontuak kudeatzea, ume eta gazteen ardura eta eskubidea ere bada.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.