maddi ane txoperena iribarren
ANALISIA

Galga «bigarren faseari»?

2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun

Zalaparta sortu da Arrasaten; edo sortu dute, Madrilen, Arrasatera begira. Zalaparta, bertze behin, ETAko kide izatea leporatuta kartzelan dagoen preso bati eginen dioten ustezko gorazarreagatik. Ongietorriengatik sortu izan da harrabotsa azkenaldian: zigorrak beteta kalera ateratzen direnean presoei egiten dizkieten harrerengatik. Eta bero dago horretan ere giroa: Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak herenegun berretsi zuen horiek debekatzeko lege bat martxan dutela.

Ezberdina da Arrasatekoa, ordea, Espainiako eskuinak espetxean 31 urte daramatzan euskal preso baten eskubideak aldarrikatzeari deitu baitio omenaldia. Sarek errana du ez dela hala: 7/2003 legea gaitzesteko dela larunbatean Arrasaten deiturikoa. Joseba Azkarraga euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduko bozeramaileak berak astelehenean azaldu zuen deialdian Unai Parot euskal presoaren izena jarri badute hura ere lege horren arabera kondenatua dagoelako dela, eta senideak herri horretan dituelako: «Hori bera egin dezakegu beste uneren batean, eta ez dugu baztertzen egitea, adibidez Ondarroan Asier Badiolaren kasuan, egoera antzekoan baitago, edo Bilbon Bea Etxeberriaren eta Iñigo Zapirainen kasuan, Orozkon Alaitz Aramendirenean... Hamabost preso daude ezkutuko bizi guztiko zigorrera kondenatuak». Baina, hain zuzen, eskuinaren arazoa da preso hori Parot dela; nor eta presoen zigorrak luzatzeko Espainiako justiziak erabili zuen doktrinari izena jarri zion presoa; nor eta ortziralean eginen duten omenaldirako iragarri dutenez, ustez «39 biktima» eragin zituena.

2003an, orduko Espainiako Gobernuko presidente Jose Maria Aznarrek hala opa zien presoei 7/2003 legea aurkeztu zuenean: «Usteldu daitezela kartzelan». Presoen urruntzea pixka bat arinduta, lege horixe baliogabetzea du helburu orain Sarek, «bigarren faseari» ekiteko. Arreta giza eskubideetatik desbideratzeko saio bat izan daiteke eskuina Arrasatekoarekin egiten ari dena: «bigarren fasea» alboratu, eta, iragarri gisan, kartzelan ustel daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.