Xabier Barandiaran.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak

Galdera nagusia

2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Patxi Lopezek hauteskunde eguna jarri zuenean hasi zen kanpaina. Hauteskunde prozesu guztietan herritarren jokabide politikoa baldintzatzen duen eragile bat egon ohi da beste eragile guztien gainetik; kezka edo galdera nagusia alegia. Herritarren kezka nagusi horrekin bat egin eta sinesgarritasuna lortzeko gaitasuna duenak irabaziko ditu hauteskundeak.

Zein da kezka edo galdera hori? Krisi ekonomikoa. Iritzi Publikoaren kezka nagusia, une honetan, krisi ekonomikoa da, eta herritarren eskaria garbia da: krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartu behar dira eta erakundeetan kudeaketa eraginkorra egitea ezinbestekoa da. Badira beste gai batzuk ere, baina eraginaren ikuspegitik bigarren mailakoak.

Alderdi Popularrak, EAJren ezkutuko independentzia asmoak salatzeari ekin dio bere hautesleriari eusteko asmoz. Ez dut uste ideia horrek indar handirik duenik.

Patxi Lopezek egun batean EAJ EH Bilduren menpeko egiten du, eta hurrengoan EAJ murrizketekin lotzen saiatzen da. Baina PSE-EEren sinesgarritasunak erabat behera egin du; besteak beste, Patxi Lopezen gobernuak kudeaketa txarra egin duelako eta euskal gizarteak mesfidantza handiz ikusi duelako Eusko Jaurlaritza pasa den legealdi osoan. Gaur ez du balio handirik Lopez lehendakariaren hitzak.

Ezker Abertzaleak ere EAJ du helburu; abertzaletasuna ardatz nagusi hartuta, subiranismoari uko egitea egozten dio EAJri. Baina hauteskunde hauetan galdera nagusia ez dago ez erabakitzeko eskubidearen inguruan ezta independentziaren inguruan ere. Gaur eta hemen galdera nagusia, krisi ekonomikoari nola aurre egin da. Ezker Abertzalearen eredu ekonomikoak, kudeaketa proiektuak, gaur gaurkoz ez dio segurtasunik eskaintzen herritarrari. Gaur, oraindik, Ezker Abertzalearen errelato politikoa ideia orokorrez osatuta dago, eta inor gutxik aitortzen dio kudeaketarako gaitasuna eta proiektu errealista bat krisia gainditu ahal izateko. Ezker Abertzaleak erdigunera hasi duen ezinbesteko mugimendu hori epe ertainera eginiko mugimendua da; erraza ez den mugimendua beraientzat, baina ezinbestekoa egunen batetan euskal erakundeen gidaritza hartu nahi badute.

EAJ ekonomiaz eta kudeaketaz hitz egiten ari da nagusiki. Hori delako herritarren kezka nagusia orain; kezka hori da erdigune elektorala eraikitzeko gaitasuna duen eragile nagusia. Galdera horretatik urruntzen dena boz mugimendua bultzatzen duen indarretik urruntzen ari da.

Hauteskunde hauek, ordea, ez dira azken geltokia, egoera berri baten abiapuntua baizik. Egoera berri horretan, kudeaketa publikoaz gain beste bi gai sartuko dira agenda publikoan: bakea eta bizikidetza indartzea eta euskal gizartearen erabakitzeko eskubidearen erakundetzea. Alderdi guztien arteko adostasun premia azpimarratu dute gehienek. Bakea eta bizikidetzaren inguruan adostasun hori zaila da, baina ez ezinezkoa. Euskal gizartearen erabakitzeko eskubidearen inguruan alderdi guztien arteko adostasunak zailagoak direla iruditzen zait. Edozein kasutan, gai hau lantzeko unea iristen denean, euskal abertzaletasunaren barnean 1977ko hegemonia borrokak errepikatzen badira, urte luzez atzeratuko da erabakitzeko eskubidearen lorpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.