COVID-19a gaixotasun berri moduan agertu zenetik, gure medikuek eta gizarteak, oro har, bere sintomak zeintzuk diren ikusi izan dute. Baina gaixotasun honen aldakortasuna handia da. COVID-19ak gorputzari egiten dion berehalako erasoa luzea da. Biriketara ere jotzen du, eta, kasu larrietan, horiek dira kaltetuenak; baina oxigenorik ezak eta gorputzean gertatzen den hantura orokorrak giltzurrunak, gibela, bihotza, garuna eta beste organo batzuk ere kaltetu ditzake. Ondorioz, pazienteen %5ek ZIU zainketa intentsiboko unitateetan ingresatu behar dute.
SARS-CoV-2 birusa gure sudurrera edo eztarrira iristen denean hasten da infekzioa. Muki-gainazala estaltzen duten eta ACE2 motako hartzaileak (2. motako angiotentsina bihurtzen duten entzimak) dituzten zelula mota bat aurkitzen du han, odol-presioa doitzen duena, normalean. ACE2 hartzaileak birusa gure zeluletan sartzeko sarraila dira. Eta, behin barruan, birusa zelularen makina guztiez jabetzen da, bere buruaren milaka kopia egin ditzan, eta kopiek zelula gehiago eta gehiago inbaditu ditzaten. Lehenengo astean, kutsatutako pertsonak birus asko kanporatu ditzake (kutsatzeko arrisku altua), eta sintomak izan ditzake, ala ez. Ohiko sintomak sukarra, eztul lehorra, eztarriko mina, usaimena edo dastamena partzialki galtzea, eta buruko eta muskuluetako mina dira.
Lehen fase horretan gure sistema immuneak modu egokian eta orekaz jokatzen badu, infekzioa arina izango da. Baina «nahasten» bada, birusa biriketara ailegatu eta gauzak konplikatu egingo dira. Biriketan ACE2 hartzaileak dituzten zelula ugari ditugu, eta birusa zelula horietan erreplikatzen da modu masiboz, pneumonia emanez. Arnasa hartzeko zailtasunak daude, modu azkarragoz eta azalekoagoz arnasten da, eta odolera iristen den oxigeno kopurua nahi dena baino txikiagoa da. Paziente asko sendatu egiten dira, baina, zoritxarrez, batzuetan konplikazio gehiago agertu, eta hil egiten dira.
Science aldizkarian argitaratu berri den artikulu batean adierazi dute birusari aurre egitea ez dela hasiera besterik COVID-19a larriki bizi duten pazienteen kasuan. Era horretako infekzioak modu larrian izaten dituztenek, hantura luze batekin eta azpiko gaixotasun kronikoekin batera, etorkizunean gaixotasunak izateko arrisku handiagoa izan dezakete, hala nola bihotzekoak, garuneko isuria eta giltzurrunetako arazoak. Izatez, 2015. urtean, Sachin Yende medikuak jakin zuen bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua lau aldiz handiagoa zela pneumonia izan duten pertsonengan. Probabilitatea 1,55 aldiz ere handitzen zen hurrengo bederatzi urteetan.
Gainera, ZIUan denbora pasatzen duten pazienteek osasun fisiko, kognitibo eta mentaleko arazo multzo baterako joera dute: zainketa postintentsibo gisa ezagututako sindromea. Birus hau benetan oso zomorro gaiztoa da, eta ezin dugu gutxietsi.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK
Gaixotasunaren etorkizuneko konplikazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu