Hau pozaren poza. Lortu dugu, bai. Denok genekien nola aurre egin birusari, eta jasotako errietei azkenik kasu eginda, lortu dugu Gabonak salbatzea, guztion zoriontasunerako. Egunero hamar pertsona hiltzen bazaizkigu ere, ez dugu zergatik Merkel bezain sentimental jarri beharrik. Berak saihestu nahi zuen eguneko hildakoen proportzio bera, hemen hiru hilabetez hiltzen joan zaizkigu, eta beste horrenbeste hilko balira datozen hiru hilabeteetan, nori axola? Hobe dugu Trumpi kasu egiten jarraitzea: egindako PCR kopurua erdira jaitsita, intzidentzia jaistea lortu dugu behingoz. Gainera, antigeno testak lapikoan botata, azkeneko asteetako azterketa sendo bat egitea zaila dugu; baina, dudarik gabe, proba hauek ematen dituzten negatibo faltsu batzuk ondo etorri baitzaizkigu, zenbaki ahal eta txukunenak lortzeko. Gabonetan poz-pozez elkartzeko ahalegin denak gutxi direlako. Gero ZIUak betetzen badira ere, zenbakiak pixka bat nahastu, eta ez da hain agerian geratukozelako arazoak egon diren. Osasun langile nahikorik ez badugu ere, ez gara zertan arduratu behar; zerbait bururatuko zaigu aurreikusi ezinezko egoera horretara ailegatzekotan.
Tabernak hilabetez itxita, birusa egarri omen da. Baina nik uste dut lezioa ikasita etorriko dela txikiteora, eta ez duela hemendik aurrera inor kutsatuko bertan; aerosolek —izena argiki dioen bezala— eguzkiarekin zerikusirik izango dute fijo, eta orain euria besterik ez dugunez birusak ezingo ditu hauek erabili ahoz aho ibiltzeko. Beharbada, ondoko herriko jatetxe eta tabernetan, hor bai izango du baimena kutsatzen ibiltzeko, gure udalerrian intzidentziak gora egin ezkero bertara joateko gonbitea jasoko baituelakoan. Edonola garrantzitsuena zera da: pasa den astean benetako aditu batek zeharo argitu zigun Euskadiko lantoki, eskola eta garraioetan inolako kutsatzerik ez dela gertatzen. Inolako kutsatzerik ez. Dekretu usaina zerion deklarazioan, hiru leku horietan arrazoi beragatik ez baita kutsatzerik ematen, bere esanetan. Eta arrazoirik aipatzeko beharrik ez zuen izan, noski, dekretuak horrelakoak direlako; agindua bai, baina argudiatzeko beharrik ez. Munduko beste herrialde guztietan eskolak, lantokiak eta garraioa transmisio arrisku altuko lekutzat hartzen badira ere, bertakoek euskaldunon egitura genetikorik ez dutelako izango delakoan nago ni. Hala eta guztiz ere, geurean leku itxi horietan kutsatzerik emango balitz, lasai egon gaitezke: transmisio katerik bilatzen ez dugunez bertan, zail samar topatuko ditugu.
Urte gogor honen amaiera datorkigularik gainean, nire ustez konfinamendua arintzeko eta tabernak irekitzeko benetako arrazoia beste bat da. Birus hau hain da gaiztoa, etxean goxo eta lasai gaudenean, defentsa guztiak jaitsita ditugunean, kutsatzen gaituela. Ez zaigu oraindik argitu ohe azpitik ateratzen den ilunpetan, edo armarioaren barrutik salto egiten duen guri eraso egiteko, beldurrezko pelikuletan gertatzen denaren antzera. Baina, datu ofizialen arabera kutsatze gehienak etxean gertatzen direnez, hobe dugu aforoz betetako garraioetan lanera, eskolara edo tabernara joan, han dena kontrolpean dagoelako. Hori bai, hainbeste denbora etxetik kanpo egon ondoren, azkenean Gabonetako jatorduetan elkartzera animatu bazaituztegu ere, kutsatzeek gora egiten dutenean gero, badakizue noren errua izango den.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN
Gabonak helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu