Txernobil, 30 urte. Iritziak

Fida ote gaitezke?

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urte joan dira Txernobylgo istripu nuklearra gertatu zenetik, eta memoria historikoa ez galtzeko baino ez balitz ere, uste dut egokia dela zenbait hausnarketa egitea gaur egungo gizartean energia nuklearraren erabilerak sor ditzakeen arazoez.

Laborategian lehenengo fisio nuklearra eginez atomoak apurtu egin zitezkeela frogatu zenetik (1938an), laster konturatu ziren fisikariak erreakzioa sorrarazteko behar zena baino askoz energia gehiago askatzen zela, eta gainera, fisio nuklearrean askaturiko neutroiak berrerabiliz kate-erreakzio bat abiaraz zitekeela. Kontua zen, ordea, errekazio hori kontrolatua izan ote zitekeen. Gauzak horrela, bi erabilera imajinatu zituzten eta denborarekin praktikan jarri: batetik, zentral nuklearrak, gizarte zibilean energia-iturri modura erabiltzeko; eta bestetik, bonba atomikoak, militarrek lehergailu modura gerran erabiltzeko. Fisikariek eta ingeniariek —inozo halakoak— uste izan zuten bi erabilerok erabat kontrolatzeko modukoak zirela. Inozo halakoak!

Gizartean baliatzeko energia sortzeko zentral nuklearrak eraikitzean, bazirudien konponduta geratuko zela hornikuntza elektrikoaren arazoa. Baina hasierako handiusteko propaganda laster isildu zen, arazo hura konpondu ez eta berriak agertu zirelako, hala nola energia horren mugatasuna, hondakin erradioaktibo arriskugarrien agerpena, zentralen inguruko jendearen aurkakotasuna... eta zoritxarreko istripuak. Izan ere, ezinezkotzat zeuzkaten istripuak gertatu dira batzuetan, Txernobyl eta Fukushimakoak adibidez, eta horrek erabateko ziurtasunik ezaren kontua plazaratu du.

Baina ziurtasunaren arazoaz gain, istripuen inguruko informazioaren kontrolarena ere azaldu da. Argi baitago istripuei buruzko informazioa tantaka eta berandu iritsi zaigula herritarroi, beldurtu ez gintezen. Gainera, ez digute inoiz informazioa osoa eman, ez eta emango ere. Azken batez, zer espero ote daiteke informazioa informatzeko interesik ez dutenen eskuetan dagoenean edo sekretua denean? Hortaz, orain arteko istripuetan izandako portaera informatiboa kontuan izanik, informaziodunen fidagarriatasunik ezean datza arazoa; eta gure kezka.

Bada bestelakorik ere. Akaburako, arestian ez al duzue entzun orain kezkaturik daudela «terrorista gaiztoek» (horiek beti dira pobreak) «eraso basatiak» egin ditzaketelako «mundu zibilizatuko» lurraldeetan dauden zentral nuklearren aurka? Zeren, diotena diotela, horrelakorik gertatuko ez den erabateko ziurtasunik ez baita inoiz egongo, eta gizakia gai baita bere burmuinean imajina dezakeen ia edozer egiteko, batean eta bestean sarritan ikusten ari garen bezala.

Eraso posibleez ari garela, errematerako, zer esan bonba atomikoei buruz? Arma hori duten estatuek gizateriaren defendatzailetzat dauzkate beren buruak, eta talde esklusiboa eratu dute, partaidetza ez zabaltzeko, ez baitute indar hori konpartitu nahi; bestela, Irani galdetu. Baina taldeko estatu kideez fida ote gaitezke? Berriro ere, boteredunen fidagarritasunean dago gakoa. Eta ikusi besterik ez dago zer nolako portaera duten munduan zehar egiten ari diren gerretan. Mota guztietako bonbak nonahi jaurtitzeko eta milaka herritar kolpera sarraskitzeko gai direnek bonba atomikoak inoiz erabiliko ez dituztenik uste al duzue, garaia iritsiz gero? Inork dudarik ote du?

Benetan ezin esan daiteke optimistegia naizenik, ez horixe!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.