Jon Benito.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak

Fedea, konfiantza, itxaropena

2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Politikaren ordua da: Eusko Legebiltzarraren osaketa, Jaurlaritza berria, alderdien aritmetikak, hegemonia politikoa nork bereganatu... inkognita asko ebatziko dira, baina nago politika ulertzeko eta bizitzeko moduen arteko talka ere izango dela bihar jokoan dagoena.

Gaur hausnarketa eguna da. Botoa nori eman erabaki ez duen herritarraren buru eta bihotz barruan sartzen saiatzen naiz: zein arrazoi edo intuizio gailenduko da, boza eman ala ez, eta ematekotan boza nori eman ebazteko zioen artean?

Ariketa bat proposatu zuen lagun batek Twitterren alderdi politikoetako hautagaiek telebistan egin dituzten eztabaidetarako: ahotsa kenduta ikustea, euren erosotasun, urduritasun, konfiantza edo sinesgarritasuna gorputz adierazpenaren arabera epaitzeko. Hori baita, sentsazio edo inpresio bat, eztabaida horietatik ateratzen dena, eta, azken batean, identifikazio, sentipen eta sentimendu lehia bat baita, beste hainbat gauzaren artean, politika ere. Eta horregatik jabetu beharko luke Patxi Lopezen kabineteak ere nekez aldatuko dutela herritarrek Jaurlaritzaz duten pertzepzioa estatistika eta propagandarekin bakarrik.

Politikaren ordua dela nioen, eta programa bat eta gobernu bat ere aukeratuko dela, baina egoera zail bat kudeatu beharko duen lider eta talde bat hautatzea ere badago lehian. Testuinguru ekonomiko zailean gidaritza lana hartuko duena, baina gatazka politikoari aterabidea emateko ere giltzarri ezinbesteko izango dena: lider morala. AEBetako bozetan esango luketen bezala, alderdia ez ezik, herria edo herri horren mugaz alde honetarako zati bat ere gidatuko duena, aurrean duen erronkari arduraz eta konpromisoz erantzuteko borondatea izango duena.

Liderrak balioak izan beharko ditu, programa beharko duen bezala; enpatia beharko du herritarrekin, ezberdinekin, zailtasunetan direnekin; enpatia komunikatzeko, gidaritza gaitasuna izateko, klase politikoan konfiantza birsortzeko. Eta aukera eta garraztasun garai hauetan, itxaropena sortzeko abildade handia, batez ere. Politikaren ordua dela nabarmentzen dut: ez kudeaketarena, erabakiak hartu eta gobernatzekoa baizik, etorkizuna ikusarazi eta herritarra etorkizuneko ideia horren partaide sentitu eta helburu horretan bide egitekoa. Eta erakundeak ate itxi baino, aukeren leiho ireki gisa baliatzekoa. Hurrengo hauteskundeak baino hurrengo belaunaldiak lehenestekoa.

Politika ulertzeko eta bizitzeko moduen arteko talka izango dela nioen, politikak zenbakiez diharduenean, bihotzarekin ere hitz egin beharko duelako.

Gaur hausnarketa eguna da. Arrazoiak eman nahi izan dizkiete alderdiek kanpainan herritarrei euren alde egin dezaten, hauteskunde programetan oinarrituz horretarako. Baina boza arrazionala baino inkontzienteagoa da, sentimentalagoa. Galdera zaharrei konponbidea eman eta galdera berriak egingo dituen gobernu eta liderren ordua izango da astelehenetik aurrera, krisiak eta aukerak horrela eskatu eta horren abagunea eskaintzen dutelako.

Bihar, baina, herritarrak bere fedea, konfiantza eta itxaropena sartuko ditu botoarekin batera kartazalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.