Bi hilabete luze pasatu dira ume eta gazteak etxeratu zirenetik, bi hilabete luze euren ohiko bizimodua modu bortitzean aldatu zenetik, eta aldaketa horretan familiak eta eskolak elkarlanerako beharra gorpuztu dute zuzenean. Etxealdiaren lehen egunetan Francesco Tonucciren bideo bat mugitu zen sareetan irakasle eta guraso askoren artean; familiaren eta eskolaren arteko gatazka iraunkorra aipatzen zuen pedagogoak, eta aldarrikatzen zuen familiek eta eskolak kooperazio modu berriak bilatu behar zituztela, berrogeialdian umeek esperientzia interesgarriak bizi zitzaten. Eta berrogeialdia berrogeitik gora joan zaigun honetan, esango nuke kooperazio horren nondik norakoetan sakontzeak lagunduko ligukeela epe motzean datozen aste-hilabeteei hobeto erantzuten, eta epe luzean, familia eta eskolen arteko lankidetza eta konfiantza sendoago bat ehuntzen.
Jakin badakigu eskolak askotariko funtzioak betetzen dituela. Batetik, ezin dugu ahaztu eskolak betetzen duela zaintzari loturiko egiteko oso garrantzitsu bat, umeen hazkuntzan eguneroko lasaitasuna eskaintzen baitio guraso askori. Bestetik, ikasleen garapen integrala sustatu behar du, eta arrakasta akademikoa bilatu. Autore askok aipatzen dute eskolatzearen arrakastan gako dela familiak ikaskuntza prozesuari jarraipena egitea eta ikaslearen garapenarekiko interesa adieraztea, ikaskuntza babestea edota ikaste ohiturak sustatzea, baina COVID-19ak aurrez aurre jarri digun testuinguru berri honetan ez dirudi hori nahikoa denik. Baina zer da familiek egin dezaketena? Zer eskolak familiei eskaini beharrekoa?
Familien eta eskolaren arteko komunikazioa beti da oso garrantzitsua, baina orain funtsezko bihurtu da. Komunikazioak sistematikoa, esplizitua eta erraza izan behar du. Elkarren beharren berri izan behar lukete argi, eta aldi berean elkarri zer eskaini ahal dioten ezagutu. Ohiko logika curricularrak ez dira ongi josten berrogeialdian sortu zaizkigun egoera askotarikoekin. Etxe batzuetako egoera dramatikoek umeen ikaste prozesua ez diren beste lehentasun batzuk azaleratu dituzte, gurasoen telelana eta eskolako martxaren jarraipena ere ez dira lagun xamurrak, guraso askok sentitzen dute ezintasun handia euren seme-alabak laguntzerakoan... Argi dago gizarte gisa izango dugun erronka handietako bat izango dela egoera honek gure umeen artean sor dezakeen arrakala leuntzea.
Eskola inklusiboaren oinarrietan sakontzeak lagundu dezake egoera berri honetara egokitzen. Eskolak tresnak behar ditu ume eta familia bakoitzaren errealitatea eta beharrak hobeto ezagutzeko, tresna sistematiko eta bateratuak, eta baliabideak behar ditu —denbora, baliabide materialak, irakasle zein gurasoentzat prestakuntza...— behar horiei egokituriko erantzuna emateko, laguntzak modu indartuan emateko baldintza ahulenetan dauden ikasleei, familia zein ikasle logika desberdinentzat proposamen egokituak egiteko... Kasu honetan ere, beste askotan bezala, ikasle guztiei berdina eskaintzeak desberdintasunak areagotuko baititu.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN
Familia eta eskola, elkarrekin orekan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu