Koldo Aldabe.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa

Ezer ez da berdin

2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Hiru urte eta erdi besterik ez da igaro azkenekoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirela. Denbora labur horretan, ordea, legebiltzarra bera irauliko duten gertakari ugari eta garrantzitsu jazo dira. 2009ko martxotik 2012ko urrira sekulako jauzia eman da. Egoera politikoa eta ekonomikoa zeharo desberdinak dira. Garai berriak dira, eta garai berriak bultzatu dituztenak eta haietara egokitzen lehenak izan direnak nagusituko dira bozetan. Haiek sarituko dituzte herritarrek, 2009tik hona egin diren bozetan gertatu den moduan.

Alderdien Legearen mehatxu zuzenik gabe, ETAren jardun armatua behin betiko amaituta, krisi ekonomikoa duela hiru urte eta erdi baino gordinago... PSE-EEk eta PPk egindako itunaren ondorioz Patxi Lopezek osatutako jaurlaritzak ez die erantzun egokirik eman gai nagusi horiei. Gobernu hura ahalbidetu zuen egoera politikoa, ilegalizazioa hain zuzen ere, dagoeneko iragana da. PPk ere ezin du gainetik kendu Mariano Raxoiren gobernua hartzen ari den neurrien zama. Boto espainolista mugiarazteko helduleku bakarra «independentziaren beldurra» astintzea da. Bi alderdiek astindu dute, baina ez dirudi mobilizazio handia lortuko dutenik euren boz leku naturalean.

EAJren eta, batez ere, EH Bilduren unea da. Lehena garaile izan zen 2009an, eta nagusitasun horri eutsi nahi dio. Bigarrena aparretan dabil, eta litekeena da EAJk baino eserleku gehiago lortzea Eusko Legebiltzarrean.

Inoizko legebiltzar abertzaleena izan daiteke, edo abertzaleenetakoa. Bi alderdiok, gainera, egungo estatusetik harago joateko programak dituzte. Egungo egitura sozioekonomikoa irauli nahi duen egitasmoa ere badakar EH Bilduk, eta hori berrikuntza da irabazteko aukerak dituen alderdi batean.

Garaiak aldatu diren arren, garaietara egokitu gabeko politikak badira Euskal Herritik kanpo, Euskal Herriari zuzenean eragiten diotenak: Espainiako nahiz Frantziako gobernuen jarrera bake eta normalizazio prozesuari dagokionez. Horri hurrengo legebiltzarrak ere heldu beharko dio. Kanpainaurrean gaiaz gutxi eztabaidatu dute; gaur hasi den kanpainan egin beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.