Arantxa Elizondo.
Koronabirusa. BERDINTASUNA PENTSALDIAN

Ez soldadurik, ez aingerurik

2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak ikasketa ugari ekarri dizkigu, gauza berriak irakatsi dizkigulako batetik, eta aurretik genekiena gardenki erakutsi digulako bestetik. Konfinamendua gauzatzeko premiazko egoeraren araudiak oinarrizko jardueren eta oinarrizkoak ez direnen artean banaketa zorrotza finkatu du. Horrela, gure egunerokotasunean naturalki bagenekiena inoiz baino argiago sumatu dugu: zainketa jardueren garrantzia eta bizitzaren babeserako behar diren ekintzen multzoaren aniztasuna. Azken hilabeteotan komunikabideetan etengabe osasunaz eta zainketaz arduratzen direnak ikusi ditugu: medikuak, erizainak, osasun zerbitzuen bestelako langileak, adinekoen egoitzetako langileak, gizarte-langileak, botikariak, supermerkatuetako kutxazainak, garbitzaileak... Eta egunero hedabideek erakutsi diguten irudietan argi ikusi dugu noren esku dauden jarduera hauek gehienbat: emakumeon esku.

Historikoki, gizarte guztietan emakumeek zaintza-lanak bete dituzte, familia barruan eta eremu publikoan ere. Egungo esparru publikoko zainketaren arloan kokatutako lanbideak feminizatutako lanak dira. Hasteko, osasun zerbitzuen datuak esanguratsuak dira. Osakidetzan, adibidez, 27.590 langile daude guztira, eta horietatik %73 emakumeak dira. Taldeka, erizaintzan emakumeak %90 baino gehiago dira, eta administrazio lanetan, %80 inguru. Medikuen artean, aldiz, emakumeak %57 dira. Oreka pixkanaka etorriko dela espero duenak jakin dezala etorkizuneko osasun-langileen artean, gazteen artean, joera areagotu egiten dela: emakumeak mediku egoiliarretan %69 dira, eta iaz medikuntza ikasketak bukatu zutenen artean %73 izan ziren; erizaintzan, %84; farmazian, %75; eta osasun arloko lanbide heziketan, ikasleen %75. Azken hamarkadetan osasungintza publikoaren feminizazio argia izan da mendebaldeko gizarte gehienetan, osasun zerbitzuen baliabideen murrizketekin batera.

Beste zenbait sektoretako datuak eskuratzea askoz zailago den arren, jakin badakigu emakumeak direla honakoetan lanean ari diren gehienak: adinekoen egoitzak, eguneko zentroak, etxeko laguntza zerbitzua, etxeko langileak, garbiketa zerbitzuak, supermerkatuetako kutxazainak. Lanbide hauetan prekaritate gordinaren ezaugarriak ohikoak dira: ezegonkortasuna, soldata txikiak, lanaldi partzialak, kontraturik gabeko egoerak, e.a.

Azken asteetan, arduradun politikoek langile horien gorespena egin dute etengabe, herritarrok balkoietatik txalotu eta laudatu ditugu egunero, sareetan aktoreek eta abeslariek bere sakrifizioaz hitz egin digute, eta komunikabideetan solaskideek bere ausardia goratu dute. Askotan bazirudien, nagusitu egin den hizkuntza belikoaren arabera, gerrara bidalitako soldadu adoretsuak zirela; beste batzuetan, aldiz, hizkera sentimental gogaikarria erabiliz, gu guztion izenean immolatzera zihoazen aingeruak. Pandemiak erakutsi digu zainketen garrantzia; orain bidezkoa izango litzateke, egiten duten ekarpena goraipatzeaz gain, gehienetan emakumeen esku dauden lanbide hauek behar bezala baloratzea. Ez dugu soldadurik behar, ezta aingerurik ere, esker ona eta lan baldintza duinak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.