Nahiz eta askori harrigarria iruditu, EAJren Politika ekonomikoa eta, bestetik, Proposamen sozioekonomikoa izenburuekin zabaldu berri diren dokumentuak, ekonomi ikuspegi batetik, ez daude horren urrun. Hizkerak ezberdinak dira, jakina. Eta dokumentuen helburuak ere bai. Proposamen Sozioekonomikoa-ren asmoa esparru ekonomikotik askoz haratago doa. EAJren testua, oro har, politika ekonomikoaren esparruan geratzen da.
Hasteko, dokumentu biak daude, oro har, nahiko zentratuta Euskal Herriaren testuinguruan. Ulergarria eta egokia, ziur asko. Dokumentu bietan egiten dira munduko, Europako eta Espainiako egoerari buruzko aipamenak, hizkera eta balorazio ezberdinekin, baina, gurea bezalako herri txiki bateko arduradunei dagokien moduan, Euskal Herrian dagokokatuta testu bien helburua eta edukiera. Eta, gure ustez, horrela izan behar da, oinak lurrean mantentzeko.
Hasteko, eta garrantzi handikoa da hori, proposamen biak oinarritzen dira garapen endogenoko ereduaren testuinguruan. Azken hamarkada hauetan enpresa handi batzuek eta garapen exogenoaren bidetik egin diren saio batzuek porrot egin eta gero (Daewoo…), ondo baloratu behar da garapen endogenoaren aldeko ahobatezkotasun hau. Hainbestetan esan dugun moduan, hori da, gehienetan, herrialde aurreratuei dagokien garapen eredua.
Dokumentu biek azpimarratzen dute politika ekonomikoa eta industria politika aktiboen beharra.
Proposamen sozioekonomikoaren hizkera oso estrategia esku-hartzaileen alde azaltzen da behin eta berriz. Neurri batean, bat dator estrategia hori Europako Batasunetik azken urte hauetan sustatzen ari diren erregio-estrategia berriekin, zeinak gero eta esku-hartzaileagoak diren, orain arteko politika «horizontal» hutsen aldeko apustuak gaindituz. EAJren dokumentuak, bestaldetik, nahiz eta, teorian, politika horizontal hutsen alde azaldu («botere publikoei enpresak eratzeko eta garatzeko testuinguruak eta baldintzak sortzea dagokie») sektore politikekin guztiz loturiko estrategia esku-hartzaile nabariak zerrendatzen ditu baieztapen horren ondoren. 80-90etako hamarkadetako ibilbidea ezagututa, eta gure industriaren oraingo egoera kontuan hartuta, ez dugu besterik espero behar.
Publikotasunaren esparruan ezberdintasun nabariak daude. Nahiz eta estrategia biak esku-hartzaileak izan, Proposamen sozioekonomikoa-n baino ez da aipatzen helburu gisa «industriaren arloko enpresa publiko eta erdi publikoak sustatzea».
Bestaldetik, badaude hainbat arlo EAJren dokumentuan garatzen ez direnak (dokumentua laburragoa da eta, ziur asko, oso helburu ezberdinak ditu). Adibidez, ez da gauza handirik esaten zerga politikaz, ekologiaz, lehen sektoreaz edo finantza sektoreaz. Eta Proposamen sozioekonomikoa askoz dokumentu luzeagoa eta zehatzagoa da hainbat arlotan. Ez du zentzu handirik, beraz, dokumentu biak esparru eta zehaztasun horietan konparatzeak.
Politika ekonomikoaren esparruan gure instituzioek orain arte egindako lanaz zeharo balorazio ezberdinak egiten dituzte dokumentu biek, noski. Nork asmatzen du? Gure ustez, industria egitura mantentzeko orain arte egindako lana oso ondo baloratzea nahitaezkoa da, baina, bestaldetik, egia da ere bai, gure ekipamendu teknologikoa indartzeko orain arte egindako ahaleginek huts egin dutela neurri handi batean. Eta hor egongo da, ziur asko, herri honen lidergoa hartuko dutenen epe ertaineko erronkarik funtsezkoena, krisialdiari aurre egitearekin batera, jakina.
Proposamen sozioekonomikoak. Ezker subiranisten eta EAJren proposamenen analisia. Analisia
Ez daude horren urrun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu