Marian Iriarte.
ARGI ALDIAN

Everest neurtzen

2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Aste honetan, egunkari batean, munduko gailurra neurtzeko asmoa dutela irakurri dut. Azken urteetan egondako lurrikarek beharbada Everest mendiaren altuera aldatu dute, eta hori ziurtatzeko eta orain duen benetako altuera zehazteko espedizio bat antolatzen ari dira Indiako agintariak. 8.448 metro omen ditu. Berri hori irakurritakoan, zera etorri zitzaidan burura: hain garrantzitsua ote da metro batzuk gorabehera altuera zehatza jakitea? Ba, bai. Beharbada niretzat garrantzirik ez duen hori, topografoentzat, geologoentzat edo auskalo norentzat nik ulertzen ez dudan interesa izan dezake. Horrekin guztiarekin zer esan nahi dut? Gauza guztiek ez dute kaleko jendeak ulertzeko modukoak izan behar, eta adituentzat esanahi eta garrantzi handia izan dezakete, nahiz eta guk haien interesa inondik inora ikusi ez. Amorru handia ematen dit ikertzaile bati zertan dabilen galdetutakoan, horrek zertarako balio duen ulertzen ez bada aintzakotzat ez hartzea.

Ikerketarako dirua lortzeko deialdietan beti hartu izan da kontuan aurkezten den proiektuaren erabilera praktikoa, baina azkenengo deialdietan joera hori gero eta nabarmenagoa da. Zientziak egin dituen urrats askotan, ikerketan zebilenak ez zekien aurretik lortuko zuenak zer erabilera praktiko izango zuen. Aurkikuntza asko eta asko txiripaz lortutakoak izan dira. Kontuz, ez nahastu txiripa eta axolagabekeria. Ikerketa jakin batean produktu edo prozesu jakin baten bila gabiltzala, askotan txiripaz, edo nahi gabe, beste gauza garrantzitsuago batzuk lortu dira. Horregatik, oinarrizko ikerketan dabilenak ez daki ziur zer erabilera izan dezakeen bere aurkikuntzak epe laburrean, baina oinarrizko aurkikuntza hori gabe ezin da aurrera jarraitu eta gerora erabilera praktiko garrantzitsua izan dezaketen beste hainbat gauza lortu. Ikerketa aplikatua garrantzitsua da, eta oinarrizko ikerketa, are gehiago. Eta, horrekin lotuta, ikasketetan ere antzerako portaera aldarrikatu nahi nuke. Garai bateko irakaskuntzan ikasleen motibazioaz ez zen askorik hitz egiten: esandakoa ikasi behar du ikasleak, eta kitto. Orain, berriz, irakatsiko denak zertarako balio duen esan behar zaio ikasleari, eta, horrela, ikaslea hobeto jabetuko da ikasten ari denaz. Baina, kontuz, hori ongi baldin badago ere, itxuraz erabilera hain praktikoa ez duten gauza asko daude oinarrizkoak direnak, ikasten ari garenean horrela ikusten ez baditugu ere. Ikasteak, ikertzeak... bere horretan du zentzua, nahiz epe laburrean helburu garbirik ez ikusi. Ez gaitezen itsutu «praktikotasunarekin»: jakintzan aurrera egiteko hain «praktikoak» ez diren gauza asko ikasi eta aztertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.