Marian Iriarte.
ARGI ALDIAN

Everest eta bazkaria

2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Pasa den igandean irratian entzun nuen badirela 37 urte, maiatzaren 14an hain zuzen ere, euskaldun bat lehen aldiz Everesteko tontorrera heldu zela. Martin Zabaleta hernaniarra izan zen mendizale hori, askok gogoratzen dugun bezala. Ondoren, saiakera asko egon dira, batzuk ongi amaitu direnak, eta beste batzuk ez horrenbeste.

Duela 37 urte oraindik unibertsitatera sartu gabeko gaztetxoa nintzen, eta aukera izan nuen Martin Zabaletak gure eskolan emandako hitzaldi batean egoteko. Oso esperientzia atsegina izan zen. Gauza asko esan zizkigun mendizaletasunari buruz, mendi tontorrera iristeko zailtasunaz, eta beste hainbat istorioz. Baina bat gelditu zitzaidan gogoan, eta, ondoren, askotan esan izan diet nire ikasleei. Martinek mendi tontorrean arroz goxoa jatea zein zaila zen esan zigun. Eta hori zergatik? Bada, arroza ez zelako ongi egosten. Arroza egosten jartzen dugunean, ura bere irakite-tenperaturaraino iritsiko da, eta egosten ari den bitartean tenperatura ez da aldatuko, hau da, suak ematen dion beroa edo energia egoera likidotik lurrunera pasatzeko erabiltzen da, eta bitarte horretan tenperatura ez da igoko. Beraz, berdin dio irakite-tenperaturara iritsitakoan sua oso bizi jarri ala ez, irakiten ari baldin bada behintzat. Eta zer da orduan Everesteko tontorrean gertatzen dena? Horretarako, lurrun-presioa zer den azalduko dizuet. Ontzi itxi batean likido bat jartzen dugunean, likido horren molekula batzuk gas egoerara pasatuko dira, nahiz bere irakite-tenperaturaren azpitik egon. Zenbat pasatuko diren tenperaturak mugatuko du: zenbat eta tenperatura altuagoa, orduan eta likido gehiago lurrunduko da. Eta horri esaten zaio lurrun-presioa, lurrundu diren molekula horiek likidoaren gainean egiten duten presioa. Eta zerikusirik ba al du horrek irakitearekin? Bada, bai. Tenperatura igo ahala, lurrun-presioa handiagoa egingo da, eta kanpoko presioaren berdina izatera iristen denean, likidoa irakiten ari dela esango dugu. Gure inguruan, kanpoko presioa, presio atmosferikoa, 1 bar izan ohi da gutxi gorabehera, baina mendi tontorrera igotakoan, altuera dela eta, presio atmosferikoa txikiagoa da, eta horrek zera dakar ondorio: likidoaren lurrun-presioa presio atmosferiko baxu horretara iristeko, tenperatura gutxiago igo behar da, hau da, lehenago hasiko da irakiten. Aurretik esan dudan bezala, irakiten ari den bitartean, su bizia jarriagatik ere, ez da tenperatura gehiago igoko. Eta hortxe, arroza 100 ºC-an egosten egon beharrean 95 ºC-an egosiko da, eta ez omen da Hernanin jaten den bezain goxoa izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.