Olatz Olaso.
SERIEA. EUSKARALDIAREN OSTEKOA (V)

Euskaraldia, berrikuntza sozialaren betaurrekoetatik

2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Euskaraldiak sortu du ilusioa, lortu du aldaketa sozial bat, ekarri du ahalduntze bat. Hamaika egunen bueltan behin eta berriz entzun ditugun kontzeptuak izan dira. Eta uste dut kontzeptu horiek zuzen-zuzenean dutela harremana berrikuntza sozialaren kontzeptuarekin.

Berrikuntza soziala kontzeptu moduan protagonismoa lortzen ari da azken urteetan, bereziki Europar Batasunean. Kontzeptu horrek herrigintzan arrakastatsuak izan diren hainbat ekimen ulertzen laguntzen digu, eta euskalgintza ere berrikuntza sozialaren betaurrekoekin begiratzea etorkizuneko bide egokiak bilatzeko tresna interesgarria izan daiteke. Euskaraldia bera ere sozialki berritzeko bide moduan ulertzeko aukera daukagu.

Makillaje ariketak alde batera utzi eta sozialki berritu nahi badugu, aukera berdintasuna eta justizia soziala areagotu nahi baditugu, irudikatzen ditugun ekimenek ezaugarri batzuk izan behar dituzte, eta Euskaraldiak ere era batean edo bestean ezaugarri horiek izan dituela esango nuke:

Aldaketa sistemikoa. Berrikuntza sozialak ez du azaleko aldaketa bat irudikatzen. Sistemaren puntu guztietan egin behar dira aldaketak benetan lortu nahi duguna izateko. Euskararen erabilera areagotu nahi badugu, sistema osoaren aldaketak beharko ditugu. Euskaraldiak aurten sortu duen mugimendu horrek beste mugimendu batzuk eragin behar ditu, eta mugimendu horiek, beste mugimendu batzuk. Uste dut aurtengo ariketa sozialak jarraipena izatearen logikak hortik jo behar duela. Aldaketa sakonagoak lortu beharrean gaude.

Eskalatua. Euskaraldiak eskala ezberdinetan lan egin du. Behetik gora, herri mailan egiturak sortzea bultzatu du, eta horrek euskalgintza zabaldu eta Euskal Herri mailako sare nazional bat indartzeko aukera eskaini du. Sektore ugari egon dira Euskaraldian (kirola, enpresa, kultura, administrazioa...), eta horrek alboetarako eskala bultzatu du, gizarteko arlo ezberdinena. Eskalaren 3. ikuspegitik, erakundeen barrunbeetan, hainbat lekutan praktika interesgarriak egon direla uste dut. Arlo sozioekonomikoko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan dugu, eta, benetan, Euskaraldiak enpresa barruko euskararen erabilera areagotzea ekarri du.

Pertsonak ahaldundu. Euskaraldiak lagundu digu hiztun moduan kontzientzia hartzen eta gure egunerokoan euskara presente izateko tresnak jasotzen. Esango nuke hiztunon gaitasuna areagotzea izan dela ildo nagusi bat Euskaraldian trebakuntza saio eta komunikazio euskarri ezberdinen bitartez. Eta konpetentzia linguistikoa alde batera utzita hiztun moduan behar ditugun beste konpetentzia batzuek zentralitatea hartu dute.

Arau sozialak eta balioak aldatu. Hauxe izan behar da berrikuntza sozialeko edozein ekimenen azken helburua: arau sozialak aldatzea. Hizkuntza gutxitu bateko hiztun moduan aurreiritzi eta balio ugari ditugu, eta horiek mahai gainean jartzeko aukera eskaini digu Euskaraldiak: elkarrizketa elebidunen ezintasuna, euskara erabiltzen ez dutenekiko errespetua, hizkuntza ohiturak aldatzeko zailtasunak.... Arau sozial horiek aldatzeko lehen ariketa gisa Euskaraldiak parada interesgarria eskaini digu.

Euskararen biziberritzeko eta modu orokorragoan Euskal Herri justuago bat lortzeko bidean berrikuntza sozialak eskaintzen dizkigun pistak esku artean izatea garrantzitsua izango da. Lanean jarraitu beharra daukagu, baina ez edozein norabidetan, ezta edozein modutan.

Norabideari dagokionez, hiztun moduan aukera berdintasuna eta justizia soziala areagotzea helburu duten dinamikak bultzatu behar ditugu. Norabide hori adostu beharra daukagu, denok berdina ulertu. Eta, horretarako, elkarrizketak beharrezkoak dira.

Baina batez ere prozesu hauek bideratzeko moduari erreparatu behar diogu. Zaintza erdigunean jarri behar dugu. Irudikatzen ditugun prozesu eta ekimenak zaindu behar ditugu, mimoz diseinatu, gogoz martxan jarri. Harremanak zaindu behar ditugu. Ordu asko eta asko inbertitu behar ditugu sistema osoarekin harreman zintzoak eraikitzeko. Sakoneko aldaketak bultzatu nahi baditugu, aldaketa sozialak eta horrek ongi olioztatutako harremanak eskatzen ditu, eskala guztietan.

Beraz, Euskaraldiak abiatutako bidetik jarraitu behar dugu, eskala areagotuz, ahaldunduz, eta, batez ere, gero eta eraldaketa sakonagoak bultzatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.