Xan Alkhat.
18. Korrika. Hirugarren eguna. Paperezko lekukoa

Euskara eskura

2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Korrika berriz ere hor dugu! Animaleko beta perspektiban euskararen alde. Eta beti ber galdera dabila itzuli-mitzuli gure buru eta mingainetan: Zertan da euskara gure lurraldean?

Emaztearen egunean bezala da azkenean... Martxoaren 8a heldu delarik, denak arranguratuak agertzen dira emaztearen egoeraz, dena ele eder entzuten da eskuin-ezker, telebistan, irratian eta prentsa idatzian. Aho batez erraiten da gauzak aldatu behar direla, baina iduri zait urtez urte ber erranak errepikatzen direla eta ez dela, maleruski, aldaketa handirik sumatzen, Martxoaren 8a egun bat baizik ez baita. Baina ez litaikea behar ondoko egunetan ere indar eta aipamen berarekin segitu?

Euskarentzat berdin dela iduritzen zait. Beti arranguratuak gira, euskara galtzen ari dela emeki-emeki eta gure kontzientzi minduak lasaitzeko asmoz hurbiltzen zaigu bi urtetarik behin Korrika.

Gero, argi da euskaldunek euskararen aldeko lasterkaldi hori beharrezkoa dugula. Sekulako energia galtzen badugu ere zonbait kilometro korrituz, araberako indarraz betetzen ditugu aldi guziz gure bihotzak. Euskal Herri guzian, hiri nagusietan bezala xoko galduetako herri ttipienetan ere, euskararekiko dugun atxikimendua erakusteko nahikundearekin biltzen baigira denak.

Aitzineko Korrika barnetik segitzeko pribilegioa eta xantza ukan nuen, eta ber emozioz bete nintzen Bilboko karriketako jende olatua ikusiz eta Xiberu xokoko hamar pertsonak ikusiz ere. Ez du azkenean nunbreak egiten dena, ez zait iduri hasteko, baina edozoin lekutan izanik ere, edozoin jende kopuru izanik ere, denek helburu berbera dugu Korrika garaian: euskara aitzinarazi, oztopoz beteak diren bide luzeetan barna.

Orduan, ez pentsa ezezkor naizenik gure hizkuntzaren egoera ikusten dudanean. Ez naiz ezkorra, ez baitzait iduri ezezkorrak izan behar girenik: aski jende bada gure herri hunen barnean eta herri huntatik kanpo ere, negatiboki ari direnak mintzatzen gure hizkuntzaren zangopilatzeko asmoz, baina ez diezaiegun arrazoirik eman.

Gure hizkuntza mundu huntako zaharrenetariko bat da, eta egun guziz frogatzen dugu beti bizirik dela eta beti bizirik atxikitzeko indarra emaiten diogula. Korrika ere, traba guzien gainetik, beti hor dugu eta ez dut uste gelditzekotan den.

Segi dezagun beraz luzaz, gure bihotz, burumuin eta mingainetan gure hizkuntz zaharraren biziarazten, eta eman diezaiogun Korrikari merezi duen oldarra.

Ez da orduan, euskararen aldeko jende olatu hori martxoaren 24an geldituko, ez baita sekulan geldituko!

Eman euskara elkarri ! Euskara denen eskura !
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.