Hilberria. Xabier Zabarte

Euskal prentsari arnasa ematen

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Euskarazko prentsari estu-estuan lotuta egiten ari zen ibilbidea errepideko istripu batek eten dio Xabier Zabarte BERRIA Taldeko langileari. Urteak zeramatzan euskarazko egunkariak aurrera egiteko ezinbesteko duen publizitatea lortzen; Euskaldunon Egunkaria-rako lehenik, eta BERRIArako eta talde bereko gainerako agerkarietarako ondoren. Ezbeharra izan zuen atzo goizean, Zeanurin (Bizkaia), eta lekuan bertan zendu zen. 46 urte zeuzkan.

Goizean izan zuen istripua, 08:40an. Kamioi baten kontra aurrez aurre jo zuen Zabarteren ibilgailuak, N-240 errepidean, Barazar mendatearen inguruan; handia izan zen kolpea, eta autoaren aurreko aldea birrinduta geratu zen, zuhaitz tarte batean. Larrialdi zerbitzuak iristerako hila zen BERRIA Taldeko langilea. Kamioia bera ere errepide bazterrean erdi iraulian geratu zen. Itxita izan zuten errepidea.

Publizitatearen bidez euskarazko hedabideei arnasa ematen aritutako gizona hil zen istripuan. Zaldibartarra zen, bizkaitarra, nahiz eta azkeneko urteetan Gasteizen bizi zen. Horietatik hogei pasatu ditu euskal prentsan beharrean. Egunkaria-n hasi zuen lan jarduna, 1992an, eta etenik gabe han aritu zen; gertu-gertutik ezagutu zuen, horrenbestez, euskarazko kazeta haren itxiera, 2003ko otsailean. BERRIA abiarazteko prozesuan murgildu zen ondoren, lankide izan zituenekin batera.

Haiekin egin du ibilbidea azken urteetan. Ezintasunak bizitzea egokitu zaio lantokian, publizitate saltzailea izaki: hedabideetan, iragarkiak behera ari dira etengabe, eta aurrera egiteko lanak ditu sektoreak. Zure ziztada behar dugu kanpainan zeukan itxaropena jarrita Zabartek. Lankideek hartuko diote lekukoa. Dolua agertu diete senideei eta hurkoei.•
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.