Atzera begiratzen dut, eta konturatzen naiz espazio honetan idazten aritu naizen azken hilabeteetan batez ere krisiaz hitz egin dudala, gaizki egiten dugunaz, eta gauzak hobeto egin beharraz.Energia ereduaren aldaketaren beharraz solastatu naiz, baita energia herritarren eskuetan jartzeaz, agroekologia sustatzeaz lekuko kontsumoa bultzatzeko edota benetako ekonomia zirkular bat bultzatuko duten politikak ezartzeaz ere.Baina gutxi solastatu naiz Euskadin ongi egin diren gauzez eta egin diren ekinbideez. Eta egia erran, gure lurraldean, jada, hainbat ekinbide bultzatu dira nahi dugun norabidean aurrera egiteko balio izan dutenak. Gehienak udal edo eskualde mailako ekimen txikiak dira, eta horregatik, tamalez, ez dira behar luketen duten bezain ezagunak.
Energia arloko ekimenei dagokienez, energia berriztagarriko kooperatibak ezagunak dira, baina, agian, Oñatiko Udaleko, Garesko Jauzien edota Gasteizko Errekaleor auzoko esperientziak ez dira hain ezagunak. Lehenengo biak udal mailako proiektuak dira, zeintzuetan energia berriztagarriaren bidez autohornitu ahal izan diren, kudeaketa publikoaren bidez. Hirugarrenean, Errekaleorreko bizilagunek okupatutako auzoko argi mozketari aurre egiteko, eguzki-plakak jarri zituzten, horrela beren auzoa energiaz hornitzeko. Energia trantsizioan aurrera egiten duten adibide argiak dira hauek, sistemaren demokratizazioa ziurtatuz, energia garbia jendearen esku jarriz.
Tokiko produktuen kontsumoari dagokionez, Baztango Udalaren Zer jan, halako Baztan kanpaina nabarmendu nahiko nuke, bertako produktuak sustatzen baititu. Gainera, zenbait kolektibok eta pertsonak pandemiaren hasieran sortu zituzten ekinbide ugari gogoratu nahi nituzke. Hain zuzen ere, jatetxeak eta merkatuak ixtearen ondorioz, beraien produktuak saltzeko zailtasunak zituzten ekoizle txikiei irtenbidea ematen saiatu direnak. Ekinbide horien artean dago Baserriko Plaza webgunea, ekoizle txiki horien informazioa biltzen duena, interesa duten kontsumitzaileen esku jartzeko. Pandemian sortutako beharretatik sortu ziren ekimen horiek, baina behar dugun elikadura ereduaren aldaketarako ezinbertzekoak dira.
Azkenik, Iratiko hiri hondakin solidoen inguruan mankomunitateak sortutako ekinbideaz hitz egin nahi nuke, tokiko moneta baten bidez (Irati) birziklatzea eta tokiko merkataritza sustatzea lortu baitu. Normalean errefusaren zaborrontzian amaitzen duten eta ontziak ez diren plastikoak bereizten dituzten bizilagunak saritzen ditu ekinbide horrek. Mankomunitateak plastiko horiek erosten dizkie, trukean iratiak emanez, gero bizilagunek inguruko dendetan erabil ditzaten. Landa eremuan sortutako hondakinen eragina murriztu eta tokiko merkataritza dinamizatu nahi duen proiektu eredugarria da.
Badakit testu honetan aipatu ez ditudan antzeko bertze proiektu anitz egonen direla. Badakit gaur egun jende anitz ari dela inurri lanetan, gauzak bertze era batera egin ahal izateko, gure planeta erabat suntsitzen ari den egungo sistemaren alternatibak abian jartzeko. Horregatik nabarmendu nahi nituen hemen ekinbide horietako batzuk, inspiratzeko eta haien urratsei jarraitu ahal izateko. Aldaketarako ahalmena gure esku dago, denak izan gaitezke behar dugun aldaketaren eragileak. Bob Hunterrek zioen bezala: «Aldaketa handiek hasieran ezinezkoak dirudite, eta geldiezinak amaieran».
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN
Euskal Herriko alternatibak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu