Josu Juaristi.
EBren 60. urteurrena. IRITZIA

Europarrak uxatzeko makina

2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Europar Batasuna eta egungo integrazio eredua krisi politikoan, ekonomikoan eta sozialean daudela esateak berritik gutxi du, herritarrak proiektutik urruti daudela esateak bezalaxe. Hogeita bost urte izango dira europar integrazioari buruz ikasten, formatzen eta idazten hasi nintzela, eta Maastrichten garaian bertan ohiko komentarioa zen. Ezin da esan, beraz, egungo zilegitasun arazo potoloak inor ezustean harrapatuko zuenik. Zer egin dute, ordea, Europar Batasuneko estatu kideek eta Europako Batzordeak hori ekiditeko? Gauza gutxi.

Europar Batasunak gauza asko egin dituela ondo eta herritaren bizi kalitatea eta herritarren eta lurraldeen arteko kohesio soziala eta ekonomikoa nabarmen hobetu dituela ohiko argumentua da egungo integrazio eredu esklusiboan eroso daudenen artean. Eta politikarien, medioen eta gobernuen lana dela gauza positiboak nabarmentzea, ez txarrak. Baina, egiten dena azaldu beharra badago, arazo handi bat dagoela esan nahi du. Kontua da Europar Batasunak ez dituela herritarrak kontuan hartzen (Europar Ekimen Herritarraren porrot ikaragarria ez da aipatu ere egiten, esate baterako) eta gero propaganda egin beharra duela europarrei «produktua» saltzeko.

Europar Batasunak gauza asko egin ditu ondo, eta gauza gehiegi gaizki. Eta sortzaileen beraien izpirituari helduko bagenio ere orain analisia egiteko, egungo agintariak barregarri samar geratuko lirateke. Are gehiago, aspaldian, herritarrengana eta enpresa ertain eta txikiengana iristen ez diren bankuen erreskateek, murrizketek eta zerbitzu sozialen galerak azken garaiko haustura sozialik handiena elikatu dutenean Europan. Edo migratzaileen eta errefuxiatuen etorrerak egungo gobernuen benetako aurpegi insolidarioa, injustoa eta xenofoboa agertarazi duenean.

Orain, azti eskasen antzera, brexit-a «aukera» bihurtzeko aitzakian, Europako Defentsa (eta gastu militarra, of course) saldu nahi digute europar integrazio ereduan aurrera egiteko tresna magiko gisa, berez, beti bezala, NATOren adar gisa planteatzen bada ere. Guk, behinik behin, ez diegu amarrua erosiko, jakin badakigulako, gainera, berriro mahai gainean jarri badute, ez dela brexit-agatik izan, erreefuxiatuen etorrerari eman dioten erantzunaren parte bezala baizik, kanpoko mugak kontrolatzeko eta isteko estrategiaren barruan. Ez dira bateragarriak migratzaileen eta errefuxiatuen alde lanean aritzea (edo lanean ari denaren itxurak egitea) eta mugak ixten dituen defentsa eta gastu militarra igotzearen alde egotea.

Orain, Europako etorkizunari buruzko Liburu Zuriarekin egin zuen erridikuluaren ondoren, erretiradan dagoen Junckerrek Erromako gailurrean Europa Sozialaren garapena exijituko duela esan digu. Batzordeko presidenteak fedearen esparruan kokatu du hasieratik bere jardun politikoa, «fida zaitezte nitaz» esanez, baina herritarrak ez dira sinesmen antzutik bizi. Europako herritarrekin batera eztabaida publikoa saldu zigun Europako Parlamentuan, berak jarritako bost agertoki horien bueltan europarrek iritzia eman zezaten, norabidea finkatzeko, baina handik bost egunera Merkelek eta Hollandek, ez debate eta ez kristo, zer egin behar zen markatu zuten, beti bezala, finean ezer finkatu ez bazuten ere. Baina inon ez zen azaldu europarrak bilduko zituen eztabaida. Erakartzeko baino gehiago, europarrak uxatzeko makina bilakatu da Europar Batasuna, lelo eta une ponposoetatik haratago. Ez da hau herritarrek behar eta merezi duten eredua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.