Senaturako hauteskundeetara aurkeztea pentsatzen ari da Jean Rene Etxegarai. Hala jakinarazi du Sud Ouest egunkarian egindako adierazpenetan. Aspalditik entzuten zen zurrumurrua zen, baina galdera egitean hautetsi gehienek sinesgarritasuna kentzen zioten. Azkenaldian, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen sostengu gisa agertu da publikoki, erretreten erreforma babestu du, eta Rennaissance alderdiko karta hartu du. Zurrumurruak areagotu ditu horrek. Azkenean, Etxegaraik berak publikoki erran du denen ahotan zebilena. Lehen informazioa, beraz: Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria Frantziako Senatuko hauteskundeetara aurkeztea «pentsatzen» ari dela jakitea nahi du. Berriki, erabakia hartua duela jakinarazi dio Mediabask-i, hori zein den zehaztu gabe.
Bi interpretazio posible egon daitezke: karrera politikoa Parisen bukatu nahi du, eta irailerako kanpaina egiten hasi da, edo zurrumurruen olatua baliatu nahi du elkargoan duen posizioa indartzeko —ba ote du horren beharrik?—. Izan ere, senatari gisa hautatua bada, auzapez eta lehendakari karguak utzi beharko ditu.
2017tik 2020rako aldia eraikuntzaren aldia izan bazen, duela hiru urteko herriko bozetatik beste fase batera pasatu da Euskal Elkargoa. Kritika biziak jaso ditu Etxegarairen kudeaketak, eta eztabaida sutsuak eragin ditu elkargoko batzarretan. Iazko udazkenean bi talde politiko sortzeak lehendakariaren gehiengoa zalantzan emateko aukerak ireki ote zitzakeen dudatzerik bazegoen, baina ezin erran gerora izan diren bozketetan lehendakariaren eserlekuak balantza askorik egin duenik. Besterik da hark nola sentitu duen. Oraingoz inor ez da hasi Ez gaitzazu utzi kantatzen. Uztailaren 1eko batzarra neurgailu bat izan liteke.
Etxegarai Senatura bidean abiatzeak funtsezko galdera bat sortzen du: nork hartuko luke haren lekua Baionan? Eta nork elkargoan? 2014an eskuineko indarren batasuna lortu zuen Etxegaraik bere inguruan Baionako auzapez izateko, eta hala atxiki du orain arte. Pentsa daiteke berak izendatuko lukeela ondorengoa. Baina ez litzateke harrigarria izango ondoko hauteskundeetan kartak osoki berriz banatzea. Badira errepublikanoak, badira macronistak, badira Etxegarairen figurak erakarritako abertzaleak eta ezkerrekoak —edo izandakoak—. Elementu bateratzailea desagertzeak batzuen eta besteen anbizioak berriz lehen lerroan ezarriko ditu seguruenik. Elkargoan ere gauza bera gertatuko dela aurreikusi liteke, baina lehenago eta intentsitate handiagoarekin. Nekez ikusten da Etxegarairen inguruan osatutako gehiengoak bera gabe nola iraun lezakeen; gehiengo berriak osatzeko aukera izan liteke.
Abertzaleen hautua
Etxegarai aurkezteak EH Baik Frantziako Senaturako dituen asmoei ere eragiten die, zeharka. Ekainaren 3an egin zuten biltzar nagusian, ezkerreko aliantza bat lehenestearen alde egin zuten militanteek. Frederique Espagnac senatariaren proposamena dago hor, besteak beste: bere zerrendan hautagai abertzale baten parte hartzea bermatzeko prest agertu da. Hautetsiek bozkatzen dute Frantziako Senaturako bozetan. 2020an lortutako emaitzen ondotik, 90-100 hautetsiren botoa izan dezaketela kalkulatzen dute, EH Baiko komunikazioaren arabera; berrehun boto aipatu ditu Nikolas Blainek Sud Ouest- en.
Lehendakaria Senaturako aurkeztuko bada, pentsa daiteke Ipar Euskal Herriaren bozgorailu gisa aurkeztuko duela bere burua, Baionatik lortu ez dituen aitzinamenduak Parisen borrokatzeko engaiamenduarekin. 2020ko uztailean, Alain Iriart EH Baiko hautetsiak Euskal Hirigune Elkargorako lehendakaritzarako bere hautagaitza posiblea mahai gainean jarri zuelarik, mugimendu abertzaleko 24 pertsona ezagunek agiri bateratua atera zuten bi hautagaien arteko lehia gaitzetsi eta Etxegarairen «zilegitasuna» aldarrikatzeko. Gaur egun, Etxegarairen lehendakariordeak dira horietako bi Euskal Elkargoan. Zer hobetsiko dute irailean, ezkerreko aliantza baten bidez EH Baiko senatari bat lortzen entseatzea, ala «Ipar Euskal Herriaren ahotsa» Etxegarairen eztarriaren menpe uztea?
ANALISIA
Etxegarai senatari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu