Dakigunez, ikasleak ez dira eskolara laster itzuliko eta, bitartean, «hezkuntza ez dela gelditu behar» mezua jasotzen ari gara. Badirudi umeek eta gazteek etxean eta nagusiki ordenagailuaren bidez jarraitu behar dutela ikasten. Baina zein ikasle, familia eta ingurune irudikatzen dira ideia horren atzean? Familia «ideal» bat egoera «ideal» batean?
Gerta daiteke ikaslearen familiak errekurtso ekonomiko gutxi izatea, alegia, pisu txiki batean bizitzea, familia osoak gela bakar bat partekatzea, egoitza batean bizitzea, txiro energetikoa izatea, otorduak ganoraz egiteko zailtasunak edukitzea, etxean ordenagailu edo smartphonerik ez, konexiorik edo daturik ez... Zaintzaren alorra ahaztu gabe, noski. Baliteke familiak ume bat edo bi baino gehiago izatea (denak etxeko lan digitalekin?, guztientzako konektibitate nahikoarekin?), guraso bakarreko familia izatea; pertsona nagusiak, gaixoak edo zaintza handiagoren premiak dituzten kideak egotea etxean. Gerta daiteke ez egotea gutxienez guraso edo nagusi bat umea pantailaren aurrean edota etxeko lanekin antolatzeko eta apur bat laguntzeko; alegia, denbora, energia eta gogoarekin horretaz ere arduratzeko (lanetik bueltan edo telelana egin ondoren, lana mantentzeko zortea baldin badago, etxeko eta beste pertsonen zaintza egin ondoren, familiakideen/senideen eta umeen beste behar batzuk kudeatu ondoren, norberaren kezkak eta emozioak kudeatu bitartean...).
Baldintzarik onenetan ere, konfinamendua gogorra da, aspergarria, nekagarria, batez ere ume txikiak etxean badaude. Baina kezka hori baino ez izatea une honetan pribilegioa da. Horrenbeste aipatzen den intersekzionalitatearen kontzientziarik ba al dugu?
Nik esango nuke irakasle askok baietz, eta kezkatuta eta frustratuta daudela jabetzen direlako ikasle ugari desabantaila gorrian daudela eta periodo honek lehenagotik zeuden desberdinkeriak areagotuko dituela. Eta badakigu, bestalde, hein handi batean ikastetxeka nabaritu daitekeela parekotasunik eza, zeren ikastetxe batzuek desabantaila sozioekonomikoan dauden ikasle gehiago dituzte beste batzuek baino.
Beste aldetik, irakasle «ideal» bat irudikatzen da, ikasleentzat telelana sortzen eta bidaltzen badakiena eta ikasle guztiengana heltzen lortzen duena; material egokiak proposatzen eta ikasleen lanak zuzentzen dituena, egindako ariketak bueltan jasotakoan. Eta irakasle horrek osasuna, denbora, lasaitasun emozionala eta ezagutzak dauzka hori guztia egiteko. Asko irudikatzea da, agian. (Eta aldi berean soberan dakit haietako asko ze lan handia eta ederra egiten ari diren egun zail hauetan).
Guraso batzuek, azkenik, arduraz ikusten dute seme-alabek konfinamenduaren denbora ia osoa pasatzen dutela pantailen aurrean —telebista, smartphonea, ordenagailua—, lehen jada kontrolatzeko zaila zen adikziora emanak, baina orain, hein batean, «baimen akademikoaren» zilegitasunarekin. Garai batean, gaixotasunarekin lotutako etxealdietan ume batzuek irakurzaletasuna garatzen zuten; gaur, etxeko lan telematikoak dira ardatza.
Une konplexu honetan, norbera egiten ari da dakiena eta ahal duena, eta ziur aski ezin da askoz gehiago eskatu, baina hasierako baldintzak ez dira berdinak denentzat, eta ondorioak ere ez dira izango arlo sozialean, eta, beraz, hezkuntza arloan ere ez.
Nik neuk zalantza gehiago dauzkat erantzunak baino. Nire kezka hainbat irakaslerekin eta familiarekin partekatua da, koronabirusaren ondoren denok izango garelako apur bat desberdinagoak. Ziur aski desberdinkeria horiei serio heldu beharko geniekeen hezkuntza sistematik pandemiarik gabeko garaian, eta hori egin behako genuke «normaltasunera» itzultzen garenean. Baina batez ere oinarrian dagoen bidegabekeria sozialari heldu beharko genioke, ezta?
Koronabirusa. Hezkuntza. IRITZIA
Etxean ikastea eta arrakala soziala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu