ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Etorkizun hurbila irudikatzen

2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Une hauetan, txertoekin lotutako albisteek itxaropen adina kezka sortzen dute Europan. Adinekoen egoitza gehienetan, esaterako, egoiliarrak eta langileak dagoeneko txertatuta daude, eta, beraz, orain arte izan dituzten neurri zorrotzak malgutzen hasiak dira. Txanponaren beste aldean, gainerako populazio-taldeetako txertaketetan gorabehera ugari gertatzen ari dira, eta, horien ondorioz, txertoekiko errezeloa areagotzen ari da batzuengan. Azken astean, Astrazenecaren txertoak sortu du, bereziki, kezka eta zalantza. Hain zuzen, txertatutako pertsona batzuek tronbosiak izan dituztela jakinarazi dute, eta, txertoek tronbosiak eragiteko arriskurik ote duten ikertu bitartean, herrialde batzuek txertaketak gelditzea erabaki dute. Herrialde bakoitzeko sendagaien agentziak ez ezik, Europako Sendagaien Agentziak (EMA) ere egiten die jarraipena txertoei. Azken finean, txertoek jaso duten baimena larrialdikoa da; erabateko baimena jasotzeko, oraindik frogatu behar dute saio klinikoetan bezain seguruak eta eraginkorrak direla. Hortaz, jarraipena oso estua da, eta kontrolak, zorrotzak. Eta, tronbosi-kasuak aztertuta, EMAk garbi adierazi du oraingoz ez dutela inolako erlaziorik aurkitu Astrazenecaren txertoaren eta tronbosien artean.

Tronbosi eta Homeostasi Nazioarteko Elkarteak ere txertaketekin jarraitzea gomendatu du. Are gehiago: martxoaren 10era bitartean, Europako Esparru Ekonomikoan Astrazenecaren ia 5 milioi txerto jarri dira, eta, txertaketak hasi zirenetik 30 tronboenbolia-kasu jaso dituzte. Bada, urtean, 1.000 pertsonatik batek izaten du tronbosia. 5 milioietatik, 5000 baino gehiago izango lirateke urtean; hau da, 100 baino gehiago astean. Beraz, 30 kasu, estatistikoki, gutxi dira. EMAk argi dio: txertoen onurek arriskuak gainditzen dituzte, zalantzarik gabe. AEBetan adibidez dagoeneko hasi dira onura horietako batzuk nabaritzen. Hain zuzen, martxoaren 8an, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Zentroak (CDC) COVID-19aren gidalerroak berritu zituen, eta, geroztik, txertoari esker immunizatuta daudenak maskararik gabe egon daitezke kasu batzuetan, eta ez dute isolatu beharrik asintomatiko batekin egon badira.

Immunizatutzat jotzen dira bi dosi behar dituzten txertoen bigarren dosia edo dosi bakarreko txertoaren dosia hartu dituztenak, 15 egun igaro ondotik. Ordutik aurrera, espazio itxietan, maskararik eta elkarren artean distantzia utzi gabe egon daitezke txertatutakoak, baita txertatu gabekoekin ere, baldin eta bizikidetza-unitate bat osatzen badute eta arrisku-taldeetatik kanpo badaude. Hau da, espazio horretan bizikidetza-unitate bat baino gehiago biltzen bada, gainerakoen neurri berberak jarraitu behar dituzte, baita espazio publikoetan eta pertsona zaurgarriekin elkartzen badira ere.

Neurrien malgutzea ebidentzia zientifikoetan oinarrituta dago. Izan ere, JAMA aldizkari espezializatuak zehaztu duenez, martxoaren 8rako 31 milioi estatubatuar baino gehiago zeuden immunizatuta txertoen bidez (herritarren % 9,4). Eta datuek frogatzen dute txertoak eraginkorrak direla adin eta etnia desberdinetako helduentzat, baita arazo medikoak dituztenentzat ere. Horrez gain, guztiz txertatuta dauden pertsonak infektatu daitezkeen arren, arrisku txikiagoa dute birusa transmititzeko.

Oraindik ikertzen ari dira txertoek zenbateraino murrizten duten transmisio-arriskua, baita zer babes ematen duten aldaera berriekiko eta zenbat irauten duen immunitateak ere. Baina txertaketak aurrera egin ahala jasotako datuek etorkizun hurbila irudikatzeko aukera ematen dute. Eta, irudimentsuegia izan gabe, badirudi bizimodua errazagoa eta samurragoa izango dela txertoei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.