Maitia, ikusi duzu Oriokoa? Leherketarena? Hilketa matxista ematen du, ezta? Baieztatuta: hilketa matxista izan da. Nola dakizu? Lehendakariak iragarri du EAJren mitin batean. Mitin batean? Ganora apur bat, arren! Bide ofizialetatik esan behar dira horrelakoak. Erkoreka publikoaren artean zegoen! Hobe luke segurtasun-dispositiboa zuzentzen egon, edo premiazko krisi-mahai bat antolatzen.
Besterik esan dute? Bai! Urkullu: «Indarkeria matxista jasaten ari den emakume bat gertu baduzu, lagundu salatzen, eta, zuk pairatzen baduzu, salatu». Ortuzar: «Emakume guztien konpromisoa dugu gizarte berdinzale bat eraikitzeko, baina, batez ere, EAJko gizon guztiena» (aulkitik eroriko naiz).
Hauteskunde-kanpainan emakume bat erail dute Orion, eta bi marikoi jipoitu dituzte Villabonan, baina ez da ezer gertatzen. Inork ez du kanpaina gelditu: EH Bilduk bertan behera utziko ditu Gipuzkoako ekitaldiak eta mugimendu feministaren elkarretaratzeetara batu da; Podemosek bi mitin feminista programatu ditu, eta Madrilgo kargudun garrantzitsuak gonbidatu; EAJk minutu bateko isilunea egin du, eta PSEk eta PPk ez dakite, edo ez dute erantzuten. Inork ez du uste gerra batean gaudenik, guk baino ez, hildako gehiegi ditugulako bizkarrean.
«Gertaera» horrek kanpaina monopoliza zezakeen («gertaera» ez dut nik esaten, Urkulluren hitzak dira), eta, orain, adibidez, indarkeria matxistaren biktimak babesteko baliabideez hitz egiten aritu gintezke, baita baliabide horietako asko enpresa pribatuen esku uztearen zergatiez ere. Imajinatzen hautagaien arteko eztabaida sutsu bat, kaleak emakumeentzat seguruagoak egiteko moduari buruzkoa? Aurreratzen dizuet polizia gehiago jartzea ez dela erantzun zuzena. Segurtasunaz aritzean, labankadez, mairuez eta okupazioaz hitz egiten dute. Segurtasuna guretzat, ordea, etxea edukitzea, soldata duina kobratzea edo sexualitatea aske bizitzea da.
Ez, kanpainak ez du 180 graduko bira egingo azken uneko «gertaera» larri batengatik, Abc-k azalean publikatu eta ETArekin lotuta ez badago behintzat. Egin dezagun azken saiakera bat. Fiskalitatea. Eztabaida horrekin audientzia ziurtatuko genuke, baita hautagaien arteko iskanbila ere. Goazen! Ezta ere. Hobe minutu bateko isilunea eta aurpegi luzeak. Fiskalitate-ereduak desberdinkeriak areagotzen dituela izan genezake hizpide, edota doako zainketa-lanek zergatik kotizatzen edo desgrabatzen ez duten. Bada, nik esango dizuet zergatik: Euskal Herria demokrazia patriarkala da.
Zahar-etxeak zergatik pribatizatzen diren izan genezake eztabaidagai, edo etxeak zergatik birgaitzen diren seme-alabak dauzkaten familia heterosexualengan bakarrik pentsatuta, edo zergatik indartzen diren hiriaren erdialderako garraio-lineak, eta ez emakumeak ipurdia garbitzera joaten zaizkizuen lantokietarakoak.
Inoizko kanpaina feminizatuenean, emakumeok, batzuentzat, ez dugu inporta. Zatoz, hurbildu, gauzatxo bat esango dizut-eta: kanpainaren ustezko girl power-a ez da existitzen, baina feminismoa bai. Feminismo gehiago eta marketin gutxiago, mesedez!
KONTRAKANPAINA
Eten kanpaina, madarikatuak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu