martxelo otamendi
Euskal diaspora. Pete Cenarrusaren heriotza. Iritzia

Estatu idazkaria galdu dugu

2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Pete Cenarrusaren heriotzarekin belaunaldi baten zikloa ixten da, azken lauzpabost hamarkadetan AEBetan euskal izatea landu eta zabaldu dutenen zikloa, gutxi izango direlako belaunaldi horietan oraindik bizirik daudenak. Cenarrusaren belaunaldiak egindako ahaleginaren ondorioz ari dira gazteagoak lanean, batean ikastola, bestean euskal etxe bat.

AEBetan jaio, eta tinko eutsi zion gurasoen jaioterriaren hizkuntzari, filologo batentzako ikerketa eremua osatzeraino. Batu estandarrarekin kutsatu gabeko euskara egiten zuen Cenarrusak, gurasoen garaian eguneroko hizketaldi arruntetan nolako euskara erabiltzen zen atzoraino ekarri diguna. Lanak edukitzen genituen egitura, garapen, hauteskunde, salmenta, errotatiba, garrantzitsu... gabeko euskara egiten. Ariketa interesgarria.

Ibilbide interesgarria egin du Cenarrusak bere bizitzan, Idahoko errepublikanoen buruzagia izatetik demokraten hautagai baten kanpainaren finantzaketan parte hartzera. Errepublikanoa zen, baina, ororen gainetik, euskaldunen aldekoa. Idahoko bizitza politikoaren paisaian ezinbesteko pieza zen, ia 40 urtez izan zelako Idahoko Estatu idazkaria. Hauteskunde askotan ez zen inor aurkezten errepublikanoen hautagai izateko lehiara, erraz irabazten zituelako barne hauteskundeak. Demokraten mamu beltza zen, ezinezkoa zelako Cenarrusari irabaztea. Baina, urte asko pasatu ondoren, hasi ziren nabarmentzen demokrata euskaldunak, euskalduna = errepublikanoa formula urratuz. Bieter familia izan zen horietako bat. Aita lehendabizi, aulkia irabaziz Idahoko Kongresuan, Ordezkarien Ganberan; eta Dave Bieter gaztea, aitaren zorigaitzezko heriotzaren ondoren. Dave Bieterrek aitaren aulkia bete zuen Kongresuan, baina Boiseko alkate izateko hauteskundeetan parte hartzeko aukera ikusi zuenean, animatu eta aurkeztu egin zen.

AEBetan norberak ordaintzen ditu kanpainako gastuak, eta normalean senide eta lagunen artean osatutako diruarekin ordaintzen dituzte. Horrela egin zuen Bieterrek. Cenarrusa errepublikanoa izan zen dirua eman ziotenetako bat, garrantzitsuago zelako Estatu idazkari ohiarentzat Boisek alkate jatorra, euskalduna eta abertzalea edukitzea, errepublikano amerikarra edukitzea baino. Euskal Herritik joandakoei beti ematen zigun aholku bera, abertzaleak beti elkar hartuta ibiltzea, garrantzitsuena gure herria zelako, ez norberaren aukera partidista. Samur hartzen zuen bulegoan edozein ideologiatako abertzalea, izan alderdi batekoa edo bestekoa; izan erakunde publiko baten ordezkaria, izan oinarrizko abertzalea.

Euskal Herriak izan dituen garai gogorretan, beti egon zen Cenarrusaren laguntza. Francoren diktaduraren etengabeko salatzailea izan zen. Burgosko prozesuan, 1970ean, sekulako lana egin zuen epaiketa hura salatzeko, publikoan eta pribatuan. Epaiaren heriotza zigorrak publiko egin zirenean, ez zuen atsedenik hartu Washingtongo diplomaziak gaia serio hartu eta Espainiako diktadoreari presioa egiten hasi zen arte. Kontaezinezkoak dira Washingtongo Estatu Idazkaritzara eta AEBetako Madrilgo enbaxadara egindako deiak.

Gure egunetara hurbilduz, tinko defenditu zuen euskaldunok etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Gogoangarria izan zen 2002an bertako euskaldun talde zabal batek Euskal Herriko autodeterminazioaren alde Idahoko Kongresuan aurkeztu zuen proposamena, Joint Memorial 114 izena hartu zuena. Pete Cenarrusa, Dave Bieter eta Gloria Totoricaguena zeuden sustatzaileen artean, axola gabe bakoitzaren ideologia, helburu bakarrarekin: autodeterminazioa Euskal Herriarentzat. Aurreneko urratsa, arauak horrela behartuta, Ordezkarien Ganberan onartzea zen, gero Senatuan eta bukatzeko Ordezkarien Ganberak eta Senatuak elkarrekin osatzen zuten Kongresuan. Lehenengo bilera Ordezkarien Ganberako Estatu Auzien Batzordeak egin zuen, eta arazorik gabe pasatu zen aurrera. Ondoren, eztabaidak eztabaida, Ordezkarien Ganberak onartu zuen. Ostiral arratsaldean, Senatuko Estatu Auzien Batzordearen bileran, senatari errepublikanoek planto egin zuten, eta esan zuten Washingtongo agindua zeukatela idazkia ez onartzeko ez bazuen barruan hartzen kondena bat ETAren kontra; proposamenaren sustatzaileek testuan jarri ez zutena, proposamenaren helburua autodeterminazio eskubidea zelako. Blokeo egoeran sartu zen auzia. Aznar zen Espainiako presidente, eta Ruperez enbaxadore Washingtonen. Ruperezek sekulako presioa sartu zion Estatu Idazkaritzari proposamena ez zedin aurrera atera. Ruperezi Madrildik ematen zizkioten aginduak erabakia oztopa zezan. Washingtongo Estatu Idazkaritzako Hego Europako arduradunak, Ruperezen eskaera betez, Idahoko Alderdi Errepublikanoari auzia Senatuan atzera bota zezan exijitzen zion. Agiriaren sustatzaileek, gehienak demokraten inguruko euskaldunak, ez zuten ETAren kondena sartu nahi, ez zelako hura helburua. Nola irten ostiral horretan blokeo egoera horretatik? Bertan behera utzi zuten ostiral arratsaldeko batzordeko bozketa, asteburuan irtenbideren bat aurkituko zutelakoan. Madril eta Washington oso irmo zeuden eskaeran.

Cenarrusak afari diskreto bat antolatu zuen larunbat gauean Boiseko etxean, sustatzaileen ordezkari bat, AEBetako kostaldeko Alderdi Errepublikanoan ardura handia zeukan politikari euskaldun bat eta bizpahiru lagun gehiago gonbidatuz, tartean noski Freda emazte nekaezina. Irtenbide bat bilatu beharra zegoen horrenbesteko ilusioa sortu zuen agiria aurrera atera zedin. «Ez du axola ETAren kondenak, historiak ez du hori gogoratuko, hori ez delako albistea; albistea Idahoko Kongresua Euskal Herriko autodeterminazioaren alde bozkatzea da, eta hori pasatuko da historiara», proposatu zuen afaldarretako batek. Iritzi trukaketa motz baten ondoren, ondo ikusi zuten proposamena sustatzaileen ordezkariak eta Alderdi Errepublikanoko buruzagi euskaldunak. Baita, noski, Cenarrusak.

Ordezkarien Ganberako kideek eta Senatuko kideek elkarrekin osatzen zuten Kongresuko osoko bilkuran ezin zuen inork hitz egin bi ganbera horietako bateko kidea ez bazen. Osoko bilkura hartan, akordioa itxi ondoren, ia 40 urtez estatu idazkari izan zen Cenarrusarekin salbuespena egin zuten, eta proposamena defenditzeko ohorea eman zioten. Hitzaldi emozionagarria egin zuen, euskaldunen askatasunak aldarrikatu zituen ozen, eta autodeterminazioa eskatu zuen Euskal Herriarentzat; bertaratutako guztien txalo zaparrada jaso zuen. Zer eszena hobea bere bizitza osoa Euskal Herria buruan eta jardunean eraman duenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.