Imanol murua

Estatu gizona bere bakardadean

2025eko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

2007. urteko iraila izan daiteke, politika orokorreko eztabaidaren eguna. Eusko Legebiltzarreko komunetan egin dugu topo. Biok paretari begira nor bere zereginean, zerbaiti buruz hitz egin beharra dago. Ez da erabaki eskubidearen aldeko borrokan alderdian duen edo ez duen babesari buruz off the record-a eskatzeko egokiera, ezta Auzitegi Konstituzionalak kontsultaren legea baliogabetzen duenean zer egin asmo duen galdetzekoa ere. Txirrindularitzak salbatu gaitu. Paris-Brest-Paris egin du udaberri honetan, 1.200 kilometroko proba latza. Bereziki gogorra izan da aurtengoa, oso haizetsua eta euritsua, eta ohi baino parte hartzaile gehiagok utzi zuten proba. Ibarretxek, ez. Lokatz guztien gainetik eta ekaitz guztien azpitik, ibilbide osoa egitea lortu zuen. Horretaz aritu gara.

Bizikletaren irudia askotan erabiltzen zuen: pedalei eragiteari uzten badiozu, oreka galdu eta erori egin zaitezke. Bost urte lehenago legebiltzar horretan bertan planaren berri eman zuenean, jakin bazekien izterretan mina sentitu arte eragin beharko ziela pedalei, kontrako haizeak are neketsuago bihurtuko zuela pedalkada bakoitza, eta, tropelaren babesean joateko moduko tarteak izango baziren ere, bakardadean egin beharrekoak ere izango zirela.

Lasterketaren abiapuntua 600.000 botoak izan ziren. Arzalluz ordezkatzeko borrokaren atarian, bat-batean lider indartsua erne zitzaion EAJri Ajuriaeneko jauregian. Ermuko izpirituaren olatua hartuta Espainia salbatzera zetorren tandemari Ajuriaeneko atea itxi zion, Lizarra-Garazitik ahulduta zetorren ezker abertzaleari boto poltsa ederra hartu zion maileguan-edo, eta alderdi barruan urte batzuetarako kreditua ematen zion autoritatea lortu zuen.

Laster erakutsi zuen bere aurreko lehendakariak baino ondare politiko sendoagoa uzteko anbizioa zuela. 2002ko irailean, politika orokorreko eztabaidaren atarian, jakina zen egitasmo mamitsuren bat aurkeztekoa zela. Sabin Etxeko sekretu handiak kontatzen zituen eztarri sakonik ez genuen Egunkaria-ko kazetariok, baina noizbehinka sekretu txikien berri ematen zigunik bazen. Egun gutxi falta zela EBBko kide hark aitortu zigun, kezkaz, ez zekiela, ez berak ez EBBko beste hainbatek, Ibarretxek zehazki zer aurkeztuko zuen. Tropela baino metro batzuk aurrerago zihoan lehendakaria.

Beste oroitzapen bat, planaren berri eman zuen egunekoa. «Zer, betikoa, ezta?», galdetu dit lankide batek, Ibarretxek aurkeztu berri duenari buruz idazten ari naizela ohartuta. Betikoa, esan nahi baita EAJren ildoko beste plan bat, Aberri Egunetan egiten dituen aldarrikapenen parekoa, funtsean berrikuntzarik ez dakarrena. Estatutu erreforma baten asmoa zen, bai, hiru herrialdetara mugatzen zena, bai, baina joko arauak errotik aldatzea ere proposatzen zuen, ordura arteko egitasmo jeltzaleek ez bezala, erkidegoko herritarrei Estatuarekiko harreman moldeaz erabakitzeko ahalmena aitortuz eta horretarako lege prozedura arautuz. Eta proposamenaren funtsa hori zela konfirmatu zen handik urtebetera, 2003ko urrian, Eusko Jaurlaritzak proiektuaren testu artikulatua onartu eta ezagutarazi zuenean. «Ez, ez da betikoa», atera zait.

Ezker abertzaleari ez zion buruko min gutxi eman. Lurraldetasunaren ikuspegitik, ez zen onargarria. Burujabetzaren ikuspuntutik, aurrerapausoa ukaezina zen. Adierazpen publikoetan, arbuioan jarri zuten enfasia: ez du gatazka konpontzen. Baina hasieratik aitortu zuten, aho txikiagoarekin, konponbidearen osagaiak mahai gainean jartzen zituela: negozia dezagun, zioten.

Oroitzapen bat gehiago. Solasaldi informala Batasuneko ordezkari batekin, Mahai Nazionaleko kide bati BERRIArako elkarrizketa egin ondoren, Eusko Legebiltzarrean 2004ko abenduan egitekoa den bozketa erabakigarria baino egun gutxi batzuk lehenago. Ezker abertzaleak zazpi legebiltzarkide ditu, sei etortzen dira —Urrutikoetxea alde egina dago—, eta haien bi botoren beharra du estatutu proiektuak gehiengo osoz onartua izateko. Otegi eta abarren adierazpenak kontuan hartuta, mundu guztiak uste du ezezkoa emango dutela. Off the record-aren abagunea baliatuta, zuzenean galdetu diot solaskideari baiezkoaren aukera guztiz baztertua ote duten. Erantzuna: bai; ezezkoa beste aukerarik ez dago.

Jokaldia aparta izan zen, sekretuari horren ongi eutsi beharraren beharraz esandako gezur txiki horiek kazetariren bat haserre utzi zuen arren —baina pasa zaio—. Ezker abertzaleko militante ez gutxi Legebiltzarraren atariko manifestazioan egon berritan harrapatu zituen ustekabeak, «Ibarretxe, iruzurrik ez» oihukatzen aritu ondoren. Akabo, koplak. Ostiko batez, euskal pilota Madrilen kokatu zuten Otegiren, Permachen eta Salaberriaren ustekabeko baiezkoek.

Ezker abertzalean egindako kalkuluen artean, hauxe ere bai: Ibarretxe Plana hondoratuz gero, beste plan bat dator: Imaz Plana —hau zer izan zitekeen irudikatzeko gazteegia bazara, gogoratu Urkullu Plana, imajinatu Pradales Plana; horixe, gutxi gorabehera—. Urtebete zen Sabin Etxeko erreleboa gauzatu zela. Ez zen aldaketa makala: Arzalluzen bedeinkazioarekin abiatu zen Ibarretxe, baina Imazen errezeloarekin ari zen orain tropeletik tiraka. Bozketa osteko ospakizun argazkian kosta zitzaion Imazi irribarreari eusten.

Madrilekoa gogoangarria izan zen. Letamendiak autodeterminazio eskubidearen aldarria eramana zuen etxe berera 1978an, eta gogoratzeko modukoa da Idigorasen saquen sus sucias manos de Euskal Herria hura, 1995ean, gobernuburuaren eserlekuan Gonzalez esertzen zen garaian. Baina oraingoan lehendakari bat zetorren, legebiltzar baten mandatuarekin, legebiltzar horretan gehiengo osoz onartutako estatutu proiektuarekin, joko arau berriak negoziatzeko proposamenarekin. Euskaraz egin zituen lehen hitz esanguratsuak: «Euskadik eta euskaldunok etorkizuna erabakitzeko eskubide osoa dugula defenditzera etorri naiz». Eta estatu gizon baten hitzaldia egin zuen, euskal nazioaren aitortzaren alde eta berak ordezkatzen zituen hiru herrialdeetako bizilagunen erabakitzeko eskubidea gauzatzea ahalbidetuko zuen estatus berriaren alde. Zapatero, agintetik, eta Rajoy, oposiziotik, funtsezko ideia berean gotortu ziren: guk erabakitzen dugu, ez zuek.

Behingoz, gatazkaren iturburuaz aritu ziren, gatazkaren ondorioetan katramilatu gabe. Gakoa garden eta gordin agertu zen: bi subjektu politikoren arteko burujabetza talka. Eta, talkan, indarra nagusi: Espainiako Kongresuko gehiengo osoak erabaki zuen, Eusko Legebiltzarreko gehiengo osoaren gainetik. Kito.

Hortik aurrerako istorioak ez du hainbesteko interesik: hauteskundeak, kontsultaren legea, Auzitegi Konstituzionalaren debekua, honi erantzuteko ekitaldi sinboliko ahula. Ibarretxek pedalei eragiten jarraitu zuen, baina norabide argirik gabe. Atzera begiratzen zuen bakoitzean, gainera, gero eta tropel txikiagoa ikusten zuen, tropelik ikusi ez zuen arte. Parisera iritsi zen, ordea. 85 ordu eta 53 minutu behar izan zituen. Sailkapen ofizialean ageri da. Ez zetorren bakarrik: bi minutu geroago, bi bizkartzainak iritsi ziren. Usabiagak esango lukeen moduan, txirrindularitzak irabazi zuen. Ez, politikak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.