Asteartean, Estrasburgoren Bateragune auziko epaia jakin ondoren, Otegik Europako Parlamentuan emandako prentsaurrekoan gogoratu zuen 2009an auziko operazioa izan zenean Espainiako Gobernuan PSOE zegoela. Zapatero zen presidentea, eta duela bi hilabete, Vocentok argitaratu zuenez, Otegi eta biak Txillarren bildu ziren. 2000-2007 artean elkarrizketa garrantzitsuak izan ziren ezker abertzalearen —Batasuna eta ETA— eta PSE eta PSOEren gobernuaren artean, funtsean Txillarren, Loiolan, Genevan eta Oslon, eta Batasunekoak, behintzat, besteen ordezkaritzatik oztopo ez zuten Zapatero ikusten, baizik eta Rubalcaba. Barrenak joan den uztailaren 29an, BERRIAn: «Arazo nagusia Rubalcabak [2005-2007ko] prozesuaz zeukan ikuspegia izan zen. Obsesio bat zuen: ETAk guztia uztea eta prozesua eskema politikoan ez sartzea. Ez zion muinari heldu nahi. Esango nuke Zapatero sar zitekeela konponbidearen eskeman eta eduki batzuetan»; «Rubalcabak ez zuen nahi ezker abertzalea ziklo berrira berau baldintzatzeko moduan iristerik. Hor kokatu behar da, adibidez, Bateragune auziko operazioa. Barne eztabaida garaian Dueson preso nengoen ni, eta Rubalcabaren berri ematen zidan espetxeko Segurtasun zuzendariordeak, aspaldiko lagunak baitira biak; Rubalcabak hari esaten zion ezker abertzaleak benetan aldatu nahi bazuen estrategia, azkar egin behar zuela hori, erdia atzean utzita. Zatiketa bat nahi zuela hark, alegia».
Asteazkenean, Euskal Herriko eta Kataluniako auziak hizpide hartuz, Arkaitz Rodriguezek zioen arazoa ez dela Murillo edo Llarena; «arazoa estatuaren estrategia osoa da, proiektu politiko baten zerbitzura dagoena». Faktore humanoa hor badago ere, arazoa lehen ez zuten Rubalcaba; estatua eta haren estrategia zuten problema. Prozesua izan aldebikoa ala aldebakarrekoa, parean zein den garbi izatea ona da beti. Buruan eta agendan zeure nazioa izatea ona den bezala. Ordea, harrigarria da klase politiko subiranistan zenbat hitz egiten den Espainiaz: aurrekontu orokorrak, ustelkeria, erregea, Franco, Villarejo, masterrak... Autismora jotzeke, euskal subiranismoak, aitzinatzeko, ezinbestekoa du euskal mentalitatea izatea. Zelai Nikolas (BERRIA, 2015-6-21): «Erabakitzeko, funtsezkoa da prozesua autozentratua izatea».
Diplomazia, erresistentzia...
Euskal auzian, Espainiako Erresuma dozena eta erdi bat aldiz zigortu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak: adierazpen askatasuna urratzeagatik, tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik, akusazio faltsuak egiteagatik, euskal presoei kartzela urteak luzatzeagatik, edota epaiketa partzial eta bidegabeak egiteagatik. Larria guztia, eta paregabea euskal abokatuen lana. Madrilek legea eta prozedura judizialak bihurritu izan ditu sarri, urratzeraino kasu batzuetan, eta Europak eman dizkio burukoak. Asteon azkena. Hala ere, Parot doktrinakoak tripako minik eragin zion arren, jasotako burukoek ez dute haren jokabidea aldatu: jada torturatuak zituen gero salaketa aurkeztu zutenak; jada zigortuak zeuzkan gero Europara jo zutenak; edota jada kartzelaldi luzeagoa betearazia zien presoei. Estatu estrategia jakin bati erantzuten dio horrek.
Gogor segitzen badu ere, Madril gehiago ari da sufritzen katalan politikari erbesteratuen auziekin, haien kontrako eskaerak baztertu baitituzte Erresuma Batuak, Alemaniak, Belgikak eta Suitzak. Ez dira edonor. Are nazioartekotu da procés. Katalunian artean erreferenduma egiteke zirela eta erbesteraturik ez zela, Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak El País-en (2016-11-15) ohartarazi zuen «desafioa» ez zela jokatzen Espainiako Estatuan, baizik eta «kanpoan, Nazio Batuen Erakundean eta Europako Batasunean». Antza, lo ikusten zuen Rajoy, eta uste zuen sezesionisten kontakizuna hedatzen ari zela, parean alternatibarik izan gabe.
Izan zuen horretan eragin nabarmen bat Diplocatek. Generalitateak sustatuta sortu zuten, 2012an, eta bere barruan zituen eragile publikoak eta pribatuak: hiriburuetako udalak, diputazioak, unibertsitateak, merkataritza ganberak, patronalak, aurrezki kutxen federazioa, Bartzelona futbol kluba... Albert Royo Diplocateko idazkari nagusi ohiaren esanak dira (BERRIA, 2018-7-12): «Diplomazia publikoan lan egiten zuen [Diplocatek], eta xedea zen nazioarteko iritzi publikoaren gogoa irabaztea»; «Katalunia nazioarteko eragile konprometitu gisa nabariaraztea oso-oso garrantzitsua da. Eta horrekdakar, automatikoki, eskualde administratibo soil bat baino gehiago gisa sumatua izatea».
Europan eta munduan nazio gisa aritzeko, besteak beste langai dute halako egitura diplomatiko bat sortzea euskal subiranistek. Logikak dio burujabetza prozesu bat zaila dela garatzea aurretik estatu egitasmoak eta baliabide nazionalak diseinatu gabe. Katalan independentistekin hizketan ari da EH Bildu, indarrak batzeko eta estrategiak partekatzeko. Negozio ona litzateke haiengandik halako gauzak ikasten joateko.
Orobat, katalan ordezkari politikari askok balukete ikastekorik ezker abertzaletik Espainiako Estatuaren benetako izaeraz, eta, erresistentzian, trebeagoak eta kementsuagoak izateko.
ANALISIA
Estatu estrategia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu