Agian bere kasa egingo zuen, edo agian norbaitek aholkatuta. Baina Sanchezek hauteskundeetara deitzea erabaki zuenean, itxura du norbaitek esne saltzailearen kontuak egin zituela bere alderdian. «Podemos eta Ciudadanos jaitsi egingo dira, eta PSOEk jasoko ditu errenta horiek. Horrek are errazago egingo du Sanchez presidente», pentsatuko zuen. Zenbat amets zapuztu zaizkion kontuak egin zituenari hauteskundeetako emaitzak jakin ondoren!
Izan ere, PSOEk berak hiru diputatu gutxiago izango ditu kongresuan, eta ezkerreko balizko aliatuek (Unidas Podemos eta Mas Pais), lau gutxiago. Hala, Sanchezek ahulago ekingo dio presidente izateko ahaleginari, eta horrek berehala harro ditzake alderdi barruan atezuan dituen arerioak. Ez litzateke harritzekoa bihartik aurrera kritikak entzuten hastea bere alderdikideen artean.
Zeren, horrenbeste buelta eman eta gero, Sanchezek zenbaki eskasagoak baititu, eta bi aukera zail gobernatu ahal izateko: PP konbentzitzea abstenitu dadin, edo ERC eta independentista katalanak konbentzitzea babes dezaten. Beraz, egoera ikusita, agian ez litzateke guztiz baztertu behar hilabete gutxi barru berriz bozak izatea Espainian. Eta, erne, zeren hala gertatuz gero Sanchez nekez izango baita hautagai, eta eskuinak eta eskuin muturrak osatutako blokea are eta sendoagoa izan baitaiteke.
Esne saltzailearen kontuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu