Azken 30 urteotan euskal hedabideen bilakaera handia izan da, zenbait aldizkari eta sortzen ari zen Euskadi Irratia baino ez izatetik egungo aukera zabalagora iritsi baikara. Gaur egungo errealitatetik begiratuta, garatu den hedabideen sektorea da kontuan hartzekoa, eta bereziki 1990etik aurrera egindako bidea Euskaldunon Egunkaria-ren sorrerarekin eta herri hedabideen sorreraren abiapuntuarekin, Arrasate Press ere orduan sortu baitzen. Euskaldunari aukera zabaldu zaio, ez nahi adina, baina bai asko, 1982ko egoera kontuan hartuta.
Ez nahikoa diogu, euskaldunak non aukeratu gutxi topatuko baitu gaur egun ere bere hizkuntzan. Beste hizkuntzetan hedabideak zabalduz joan dira, eta euskaraz urriak dira oraindik, eta globalizazio garaiotan, telebista kateak izugarri ugaritu direnean eta Interneten mundu osoa dugunean eskura, euskararen neurria gero eta ahulagoa da. Duela urte batzuk hiru-lau telebista katetik bat zen euskaraz eta egun 50etik gora iristen dira etxera eta horietatik hiru baino ez dira euskaraz. Beraz, euskara indarra galduz doa.
Eta indarra galduz doa bi arrazoi tarteko. Ulertzekoa ere bada, hizkuntza handiagoetan dagoen maila bera ezin baita lortu gure hizkuntza komunitatearen tamaina kontuan hartuta. Baina duguna baino zabalagoa eta sendoagoa ere izan zitekeen baldin eta herri honetan euskal hedabideen beharko luketen estrategikotasuna onartu izan balitzaie euskararen normalizazioaren eta herri izaeraren aurrean. Gizarte eragileekin egindako ekarpenak ez du behar zukeen ezagutzarik eta laguntzarik jaso instituzioen aldetik, eta hori oztopo handi bat izan da eskaintza ugaritzeko eta hedabideak berak ezagutarazi eta zabaltzeko. Estrategikotasun hori agerian geratzen da gainera, kontuan badugu hedabide publikoetan ere askoz ere gehiago inbertitu dela erdarazkoetan euskarazkoetan baino.
EAEko Euskararen Legeak 30 urte (VI). Hedabideak eta Internet. Iritzia
Eskaintza osatuagoa izan zitekeen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu