Castillo Suarez.
18. Korrika. Bigarren eguna. Paperezko lekukoa

Errepidea

2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Ez dago noizean behin eskualdetik irtetea bezalakorik nola gauden ikusteko.

Izan ere, egunerokoan burutik kendu ezinda edukitzen ditut zenbat gauza dauden egiteko gurean, eta ahaztu egiten zait badirela Sakanan harro egoteko arrazoiak. Txikiak seguruenik, baina lorpen txiki horiei esker gordetzen dut nagoen tokian jarraitzeko adorea: Uharte Arakilen D ereduan matrikulatu diren marokoarrak; Madrildik etorritako langileekin osatutako euskalduntze taldea, astero euskaraz trebatzera doazen administrazioko langileak, Ruper Ordorikaren kontzertu batean betetzen den aretoa...

Deseroso sentiarazten dit Sakanako bost ikasletik bat ez dagoela D ereduan jakiteak, Beleixe irratia piztean musika dela nagusi, orrialde gutxiago dituela Guaixe-k orain eta falta dela horregatik Morkotsen tira, jaitsi dela nabarmen Euskara Zerbitzuko aurrekontua, ez gaudela garai bateko langileak bertan, asko direla abian jarriko ez diren planak, egitasmoak eta jarduerak...

Autobidearen eskualdean bizi naiz. Eta maiz ahazten zait errepideak ere badirela. Herritik herrira joaten direnak eta, bi urtean behin, jendez betetzen direnak. Babestua sentitzen naiz orduan, taldera biltzen den hegaztia nola. Merezi izan du orain arte egindako guztia; porrota ere bai.

Bulkadaren haizea dakar Korrikak. Oztopoak daudenean sumatzen dudan haize leuna; ulertzen ez ditudan erabaki politikoak ezagutzean nabaritzen dudan fereka. Ez dit uzten bidetik ateratzen ezpondan geratzeko imintzioa egiten dudanean. Barru-barruraino sartzen zait larruazaletik. Segi eta segi egiteko gogoa ematen dit.

Hasi du lurmentzen gainetan. Eguneroko bizitzak martxa hartuko du berriz bihar. Autobideko bidea hartuko dugu orduan. Hildako katuak daude bazterretan. Albisteak ez dira onak: murrizketak heldu dira gurera ere. Halabeharrez datoz, euria edota eguzkia bezala. Nork bereari nola eutsiko gabiltza denok, baina euskara eta ezinbestekotasuna ez dira beti batera aurkitzen.

Honezkero badakizu: ez dut hitz hanpatuetarako joera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.