Itxaro Borda
PENTSALDIAN

Erranen dutea?

2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Iragan da diputatu hauteskundeen lehen itzulia eta bigarrenerako, buruz buru ditugu, bertsolari txapelketan nola, Elkarrekin eta NUPES. Garapen ekonomikoa garrantzitsua da bientzat, biek aipatzen dute erosteko ahala graal politiko bat bailitzan... eta jendea ez kexarazteko ekologiaren gaiak bazter utzi dituzte. Familietan bada beti tabu bat, nehor ez dena bazkariko mahaira ekartzera ausartzen. Bozketa hauetan berdin, aldaketa klimatikoa izan da gai isildua, bilan karbonikoa, homo detritus honen zikinen kudeaketa. Deus kanbiatu gabe nahiko genuke jarraitu datozen laurogei urtian. Hauxe da politika politikaria, Koronabirusaren kontrako laugarren txertoa hartu bezperan.

Anartean, Europako Parlamentuan, 2035erako epean, ezantza, diesela eta bioerregaiekiko autorik ez saltzea erabaki dute, airea eta tenperaturak horrela apalaraziko dituztela esperoan. Hala gertatuko da bistan dena, Covid-19aren denborako 2020ko konfinamenduetan bezala, keak eta dioxido karbonoez emokatu lainoak desagertuko dira. Mendea doiko bizi-iraupena duke beraz petrolioz sustatu kotxeak, laster oroitzapenen gela ilunean gatibatuko dugula. Beribilez idatzi dira nobelak, mentura eta zeharkaldiak egin Road 64 mitikotik adibidez, pentsa larrua ere jotzen genuen gasolina eta motor olioa usantzen zuen habitat hertsi horretan. Azken irudia: Quebecetik Montrealerako highwayhartan, Zukan Triokoekin Nirvana entzuten genuenekoa...

Autoa ez da arras desagertuko. Elektrikoa proposatuko digute ezantzazkoaren ordez. Estatuek laguntzak emango dizkigute, ausarki, ez dutelako nahi langile asko erabiltzen duen industria mota horrek porrot egin dezan, nahiz eta hondar hamarkada hauetan, deslekutze masiboen erruz, Europatik kanpo errotzen diren. Kalifikazio gutxiko beharginak hartzen zituzten, heroiak sortuz: Boulogne Billancourteko Renault lantegiaren haroa hor daukagu kasko zokoetan dantzari, jende lerroak pointatzeko tenorean, Jean Paul Sartrebertan predikari edo jada ahantzia dugun Claire Etcherrelli (1934) baten Elise edo egiazko bizitza deitu nobela proletarioa kotxe-muntatze kate batean kokatzen zena...

Baina erranen dutea?

Erranen dutea ez duela gaurko moduan, etorkizunean, sendia bakoitzak, bizpahiru kotxe elektriko edukiko, kategoria sozial eman bati bakarrik eskainiko zaiola aukera hori eta gainerakook garraio kolektiboen promiskuitate eta harramantzara kondenatuak izango garela? Erranen dutea auto horientzat beharrezkoa datekeen energia, zentrala nuklear zaharkituen sabeletik aterako dela, zaborren arazoa ez dela batere konpondua? Erranen dutea erran ezin dena, orain arte ezagutu eta gozatu dugun mundua, mundu laurden oparo hau, batzuentzat besteentzat baino gehiago bistan dena, bukatua dela, gure mugikortasun sareak bestela hausnartzen hasteko premia dugula ahalik lasterren?

Ez dute deus erranen, ondorioak geronek aterako ditugu, paretaren maldan aurkituko garenean, alde orotatik blokatuak: azken krisia, gure garaia [al] da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.