Txema Montero abokatuari irakurri nion, duela lau urte inguru: «Erradikaltasun politikoa ia beti lotzen da porrotarekiko nolabaiteko maitasunarekin». Ezkerraz ari zen. Ezinezko alternatibak sostengatzen direnez, haizeak daramatzala, ez dutela gizartean biderik egiten. Alegia, aldaketak lortzeko bil gaitezen moderaziora, errealismora, erreformismo arrazoizkora. Zentzuzkoa dirudi.
Ikustean uztarri berean erradikaltasuna eta autosabotajea, bueltan sentitu nuen Freud lagun zaharra, iradokiz hautsa kentzeko dibanari: zartatu itzazu barruak, ekar itzazu berriro hesteak egun argira. Bihurriak baitira bulkada inkontziente etxekalteak, eta inoiz ez dakizu zeure buruaz zenbat egia toleratzera ausartu zaren. Erradikaltasuna, porrot autoinduzitua?
Ez dago urruti sententzia ezagunetik: 20 urterekin ezkerrekoa ez bazara, ez duzu bihotzik, eta 40rekin ezkerrekoa izaten jarraitzen baduzu, ez duzu garunik. Halaxe ulertzen dugu bizi-ibilbide txukuna: biologia moteltzen den erritmoan zimeldu behar litzateke gogo erradikala. Txiklea gehiago tenka daiteke, ordea: 60rekin ez baduzu kapitalaren metatze etengabea errotik inpugnatu, ari zaizu alzeihmer-a inguratzen seguru, nekez helduko baitzaizu pentsio duina, osasun publikoa, aire garbia, komunitate bizia, pandemiez libratzeko bioaniztasuna, klima bizigarria, geopolitikan bakea.
Zenbat hobeto barruan moderazioa finkatuko balitz urteak aurrera, arrazoiz kargatu beharrean Castoriadis, Gorz, Vandana Shiva eta zapatistak. Zenbat hobeto atseden hartzea sistemarekiko konfiantzan, altzo sozialdemokrata amultsuan, amets bustiak sortuz hazkunde berdearekin, norbere psikean iltzatuz badela munstroa otzantzeko modua, ikuspegi sozial zein ekologikotik. Sakonago arnastea litzateke. Soilik behar duzu honakoa: jarrera tolesgabea zientziarik onena arbuiatzeko (Freuden hitzetan, negazioaren defentsa topera), hori zortea.
Izan ere, datu zientifikorik onenek diote katastrofikoa dela azken hamarkadatako erreformismoaren balantzea. Kapital metaketaren anputazioei tiritak ipiniz, kontua ez da galga jarri ez zaionik (auto)suntsipenari (ekologiko, klimatiko eta ekonomikoa), kontua da azeleratu egin dela. Amildegirako bidea ziztuan egin nahi balu bezala kapitalista jiteko zibilizazioak, heriotza-pultsioak sakatuta edo. Demagun klima: hiru gradutik gorako igoera infernuzkora goaz, adi honi, herrialdeek betez gero 2015ean Parisen adostutakoa (kasurik onenean, alegia).
Ez, gaur dagoeneko ezin da pentsatu gauzak konponduko direnik zertxobait gehiago eginez bide beretik. Minik bako apurkako aldaketa txiki metagarriak? Gaur behar dugu benetako ziaboga azkarra, zentzu bietan: lasterra eta burutsua. Eta giltzarri da datorren hamarkada. Funts europarrok: soilik erradikaltasunak salba gaitzake kolapso latzenetik (ekozidiotik eta basakeriatik). Bikain adierazi du Extinction Rebellion-eko fundatzaileetakoa den Roger Halam-ek: «Aldaketaren aldeko marko erreformista immorala da eta ez da eraginkorra, ideologia politikoa lehenesten baitu egitate zientifikoen aurretik».
Santiago Alba Rico-k dotore azaldu du zein den behar dugun paradigma: ekonomian iraultzailea, politikan erreformista, antropologian kontserbadorea. Nago ekonomian iraultza dela honako hirukoa, aldaera erradikalean: birbanatu, sozializatu (desjabetu) eta desmerkantilizatu. Sozializatu, demagun, finantzak eta energia. Baita sektore farmazeutikoa ere: Big Pharma dirutza publikoz puztuko dugu beste behin, txertoa bihurtu gabe gizadiaren patrimonio, bihurtuz herrialde pobretuenganako sadismo. Budismoaren maisu handia den Rodrigo Rato-k azaldu zuen, Soto del Real-eko erretiro espiritualetik irten ostean: «Hauxe da sistema, lagunok!».
Jabetzen naiz, bai: erreforma erradikalak inbokatu, noiz eta erreformismo moderatuak ezin dituenean masak erotizatu, eta han-hemen eskuin autoritarioa zaigunean oldartu? Beharbada horrexegatik. Nahi beste espekula daiteke erradikaltasunari ba ote darion porrotarekiko maitasunik. Moderazioaz, ordea, ziurtatu egin daiteke.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN
Erradikaltasunaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu