Joan den urriak 23an bozkatu zen Europako Parlamentuan 2027ra bitarteko Europako Batasuneko (EB) parte diren herrialdeen Nekazaritza Politika Bateratu (NPB) berria. [Gaur egun, NPB da oraindik EBko aurrekontu partidarik handiena; urtean 60.000 milioi euro inguru, hau da, aurrekontuaren %38].
Hurrengo zazpi urteetan indarrean egongo den NPB berriak, aldaketa batzuk barneratu ditu – ingurumenean dugun panoramarekin ezin zen beste modu batera izan!, baina aldaketak ez dira, inondik inora, erradikalak izan. Ez dut datuetan galdu nahi, baina NPB berriak azken urteetako laguntzen logika berari eusten dio, eta horrekin ekoizpen eredu intentsiboa eta ekoizpen gune handiak lehenesten ditu; laguntzen %82a hartzaileen %20en artean banatzen da; lurraldeen garapenerako funtsezkoa den nekazaritza iraunkorra eta herrikoia, abeltzaintza estentsiboa, mendiko nekazaritza edota Natura 2000 sarearen parte diren etxaldeak marjinatuak geratzen dira, eta abar luze bat.
Abar luze horretan bereziki azpimarragarria da lehen sektorearen erreleboari heltzeko dauden mugak, landa eremu biziak izateko behinik behin.Europako Kontu Auzitegiak 2017an ondorioztatzen zuen NPBtik nekazaritza erreleboa sustatzeko nekazari gazteentzat zuzendutako laguntzak oker zehaztutako interbentzio logika batean oinarritzen zirela. Euskal Herria ez da salbuespena: balio erantsiaren egituraren arabera lehen sektorearen jarduera %1,5ekoa da; Nafarroako Pirineoan ustiategien titular fisikoen %8 bakarrik dira 41 urtetik beherakoak, eta EAEn nekazaritza ustiapenen titularren% 8,5 soilik dira 35 urtetik beherako pertsonak; azken hiru hamarkadetan baserrien herena galdu da... Sektorearen etorkizuna kezkagarria da. Eta kezkagarriena: tentsio hau muturrean dagoen momentuan ere benetako ziabogarik ez dagoela.
Erradikaltasunaren aldeko aldarria bota zuen zutabe honetan joan den hamabostaldian Joseba Azkarraga Etxagibelek. Erradikaltasunak nolabait porrotarekiko duen maitasunaren aurrean erreforma erradikalak inbokatuz. Zer da ba erradikala izatea?
Erradikala izatea irain moduko bat bihurtu dela dirudi. Hizkuntza bidegabekeria. Baina ez da ez semantika hutsa, bizitza ulertzeko eta hartan kokatzeko dugun gaitasuna hondatzen du. Etimologia kontsultatuz gero, erradikalari buruz irakurtzen dugu «bizi-erroei dagokiena» dela, eta printzipioei edo oinarriei eta haiei lotutako aldaketa transformatzaileei aipua egiten dio. Ez da ez, beraz, arazo semantikoa. Erradikala izatea politikoa da, hor arazoa. Ez izatea den bezalaxe.
Uste dut zenbait gaitan erradikala izatea, batez ere balio jakin batzuei dagokienez, jarrera legitimoa eta oso serioa dela, eta konpromiso guztiz arriskutsuak ere ekar ditzakeela. Betiere gure mugak, kontraesanak eta zaurgarritasunak onartzeari kalte egin gabe, ahulak ere bagarelako!
Beraz, bistakoa da, herri honetan aldaketa err-adikala behar dugula nekazaritza err-elebo politikan. Orain artekoak logika ekonomikoen eraldaketa eta berrikuntza sozial sakonak behar ditu, besteak beste: lurraren gaineko espekulazioa errotik moztuz, lurrari lotutako eskubide historikoen merkantilizazioa ezabatu eta lurren jabetza diru-laguntzak kobratzeko irizpideetatik deslotuz, nekazari izatearen bizimodua aukera errealean bihurtuz… Horretarako, egungo eredua eta fluxu ekonomikoak kontrolatzen dituzten indarrekin talka egingo duten erabaki ausart eta libreak hartu beharko dira. Bizi-erroekin koherentzia izatekotan, erradikalak izan behar.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN
Err-eleboa bermatzeko err-adikala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu