Jose Antonio Rodriguez.
ARGI ALDIAN

Eraldaketa genomikoaren borrokak

2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Aspaldi honetan, CRISPR izeneko teknologia berri bat genetika alorrean lan egiteko modua goitik behera aldatzen ari da. CRISPR erabiliz, posible da genoma modu zehatz, azkar eta merkean eraldatzea. Oinarrizko zientzialarientzat oso tresna garrantzitsua izateaz gain, CRISPR teknologiak aukera berriak irekitzen ditu gaixotasun genetikoak sendatzeko, gene mutatuen DNA sekuentzia zuzenduz. Izan ere, CRISPRean oinarritutako terapia genikoak eskuragarri izango dira ziurrenik urte gutxitan.

Teknologia horri buruzko aurkikuntza berriak argitaratzen dira ia astero. Baina argitalpenez aparte, CRISPR liskarrerako gai duten isilpeko borrokak ere martxan daude. Eta borroka horien arrazoiak, noski, ospea eta dirua dira.

CRISPR teknologiaren garapenean zientzialari askok parte hartu dute, baina funtsezko hasierako esperimentuak lau taldek burutu zituzten, Jennifer Doudna, Emmanuelle Charpentier, Feng Zhang eta George Churchek zuzendutakoek. Ziurrenik, CRISPRen garapenak Nobel saria jasoko du laster, baina saria hiru ikertzailek besterik ezin dute partekatu. CRISPRen inguruan prentsan hitz egiterakoan, Doudna, Charpentier and Zhang soilik aipatzen dira, eta Church horretaz kexatu zen elkarrizketa batean joan den abenduan. Badaezpada ere.

Bestalde, CRISPRren jabetza dela-eta tirabira ederra dago. Hasieran, Broad Institutuak teknologia horri buruzko hainbat patente lortu zituen, baina Kaliforniako Unibertsitateak ere bere zatia erreklamatu du auzitegietan. Diru asko jokoan dago, eta, ziurrenik, borroka legala luzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.