Aljerko negoziazioez geroztik Espainiako gobernuburuek euskal gatazkarekiko izandako keinuen artean oraindik ere aipatzen da 1998an Aznarrek ENAMi buruz egindako ateraldia. Arazoaren 3an izan zen lehen aldia, ETAk Lizarra-Garazi garaiko su-etena eman eta hilabete eta erdira; Efe eta Europa Press agentzietako teletipoenbidez jakin zen gobernuak«ENAMekin» kontaktuak izateko baimena eman zuela. 1998ko azaroaren 3 hartan margolanen erakusketa batean zen Aznar, eta agentziek zabaldutakoa berretsi zuen kazetariek galdetu ondotik: «Erantzuna baiezkoa da». Hurrengo egunean, Arafatekin batera Madrilen prentsaurreko batean zela, gehiago garatu zuen erantzuna: «Herritarrek jakitea eta garbi izatea nahi dut gobernuak Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren inguruarekin kontaktuak hasteko baimena eman duela. Neuk baimendu dut, pertsonalki». PPren gobernuak zioen ETA indarkeria bukatzeko asmoz zen frogatu nahi zuela. Prozesu politikoa beste bide batetik zihoan: Lizarra-Garazitik, euskal herritarren hitza eta erabakia, eta lurraldetasuna ardatz hartuta.
Baina Aznarren adierazpen hura baino formalagoa izan zen Zapaterok 2006ko ekainaren 29an egindakoa, ETAk su-etena eman eta hiru hilabete pasatxora. Espainiako presidentea Kongresuko bilkuran azaldu beharrean, hango prentsa areto batean agertu zen, hedabideen aurrean adierazpen instituzional bat leitzeko: «Esan nahi dizuet gobernuak errespetatu egingo dituela euskal herritarrek askatasunez, legezko arau eta prozedurak, metodo demokratikoak eta herritarren eskubide eta askatasunak errespetatuta, eta inolako indarkeria eta mehatxurik gabe hartutako erabakia», «euskal gizarteari mintzatuko natzaio orain. Uste dut alderdi politiko eta eragile ekonomiko, sozial eta sindikal guztiek hitzartu behar dituztela elkarbizitzaren inguruko akordioak», eta, gatazka armatuaren konponbideari buruz, «gobernuak elkarrizketa hasiko du ETArekin».
Baina bukatu ziren Espainiako gobernuburuen keinuak eta ustezko urratsak, bai gatazkaren prozesu politikorako, bai teknikorako. Jaurlaritzako lehendakariak berak ez du harremanik oraingoarekin: Rajoyrekin. Honek itxi dizkio ateak, ez alderantziz, eta Urkulluk interes handiz hartu (behar izan) du Sanchez, PSOEko idazkari nagusia. Karguan urtebete besterik ez darama Sanchezek, eta alderdi barruan ildo garrantzitsu batzuk ez dauzka alde. Gainera, PSOEren hauteskunde babesa beheraka doa, zail du urte bukaeran Espainiako bozetan lehen indarra izatea, eta ez dute asmatzen alderdia berritzen. Aurrera egin nahian, konstituzio erreforma dute lelo sozialistek, baina argi esan dute: balizko erreforman estatuaren menpeko nazioak ez dituzte hala kontsideratuko, eta, beraz, ez dituzte subjektu politiko edo subirano gisa aitortuko, eta ez diete, ondorioz, erabakitzeko eskubiderik onartuko. ETArik gabeko aro berri honetan, Sanchez ez da hurreratu ere egiten bere alderdikide Zapateroren 2006ko adierazpenera.
PSOEren asmoak nazioen aitorpenaz-eta bestelakoak izanda ere eta hauteskundeetan aurreneko geratuta ere, denbora beharko luke estatu eredua definitzeko. Gainera, konstituzioa erreformatzeko Espainiako Gorteen bi heren behar dira eta, gero, erreferenduma irabazi egin behar da. Konplikatua guztia.
Urkullu eta EBB baldintza mugatuetan ari dira PSOErekin hizketan: ez dago 1998-1999ko abertzaleen batasunik, ez 2006an Loiolan egin bezalako negoziaziorik —Zapateroren adierazpeneko edukiak-eta, ezker abertzalea ere han zen...—, eta ez gobernuaren eta estatu aparatuen imintziorik txikiena ere konponbiderako. Baina EAJk azkar heldu dio PSOEren konstituzio erreforma nahiaren amuari, «estatu eredu berri bat» behar dela aldarrikatuta. EAEn, behintzat, gizarteari zerbait berria eskaintzeko (hiru urtean salbu, 1979tik beti EAJ egon da Ajuria Enean, baina estatutua betetzeke da), elkarren beharra dutela dirudi; kudeaketaren arloan, «erakundeen egonkortasunerako» elkar hartu dute EAJk eta PSEk, eta litekeena da gutxienez bost urtekoa izatea harreman mota hori —«epe ertainekoa da», esaten dute jeltzaleek—.
Itun politiko bat, betiere, estrategikoagoa litzateke. Horra begira ere Urkullu bera garbi ari da hizketan, esanez EAJk Espainiako egungo esparrua errespetatuko duela —«horrek ez du esan nahi ez denik aldatu behar»—; EAEko autogobernu maila handitzea duela xede; estatuarekin alde bikotasuna nahi duela; erabaki eskubidea bai, baina «itundua»—hots, haustura aukerarik gabekoa eta estatuak baimendutakoa da hori—; eta, Kataluniakoarenaldean Flandriako eta Bavariako ereduak dituela gustuko. PSOE ez legoke oso urrun planteamendu haietatik. Tentatuta egon litezke biak bakarrik sukaldean aritzeko.
Urkulluren alderdikide Xabier Barandiaranen ustez, «krisi sakonean dago abertzaletasuna, eta, arazoari behar bezala heldu ezean, mugimendu estetiko huts bihurtuko da». Estatiko ere bai, erakusketetako margolanak bezala.
Jaurlaritza-PSOE. Bilera. ANALISIA
Erakusketetako margolanak bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu