Erabakitzeko eskubidea izango da datorren legegintzaldiko gakoetako bat, eta hori nabarmena da hauteskunde kanpainan ere. Alderdiak beren posizioak azaltzen ari dira, batzuk argiago eta besteak anbiguotasunez. Erabakitzeko eskubidearen kontra azaltzea zaila da, eta inork ez du argi esan horren kontra dagoenik, baina gaur egungo estatus juridiko-politikoa mantendu nahi dutenek, eskubide hori gauzatuz gero, independentzia lortzeak lekarzkeen «kalteei» buruz hitz egin dute.
Irizpideak oso desberdinak dira alderdien artean, baina gerturatu beharko dituzte legegintzaldi honetan. Nahi izan edo nahi ez izan. Eztabaida saihetsezina egingo zaie, lehenaz gain Herrialde Katalanetako harrabotsak ere oihartzuna izan baitu hemen ere.
Mariaxo Raxoi Espainiako Gobernuburu eta PPko burua Donostiara etorri da aste honetan, independentistei ohartaraztera Espainiako Konstituzioa eskuan duela egingo diela aurre. Eta autogobernu eske ari direnei esan die Gernikako Estatutua dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzako autogobernurako tresnarik indartsu eta baliotsuena. Konstituzioa beteko dela ohartarazita, esan gabe esan du ez duela utziko erabakitzeko eskubidea gauzatzen, han erreferendumak galarazita baitaude.
Beste kontu bat izango da Eusko Legebiltzarreko alderdi gehienek akordio sendo eta indartsu batekin hura aldatzeko plan bat aurkezten badiote. Nola justifikatu gehiengo handi bati kontra egitea? Gainera, PSE-EE ere akordioko parte bada, proposamenak Espainiako Gorteetan PSOEren babesa izatea litzateke logikoena. Baina gehiengoa batzea ere lan nekeza izango da.
Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaia ez da ausartu erabakitzeko eskubidearen kontra hitz egitera, baina «alderdiei abantailak ematen dizkien arauak aldatuz egindako erreferendumik» ez duela onartuko hitzeman zuen atzo Gernikan, hori ez delako «demokratikoa». Edozein izen izanda ere, Ibarretxeren planik ez duela onartuko. Arauak aldatu behar badira arau horietatik abiatuta egin behar dela dio. PSCk baino jarrera itxiagoa erakutsi du Lopezek oraingoz, baina Katalunian gertatzen denak hemen ere eragina izan dezake. PSCren jarrera argiago ikusten denean, hango ispiluan begiratu baitezakete beren buruaPSEko kideek.
Erreferenduma egiteko aukera egungo joko arauetatik abiatuta aldatzeko irizpideari dagokionez, EAJ ere bat dator. Alderdi jeltzaleak ez du alde bakarreko galdeketarik proposatzen. Nahi du erabakitzeko eskubidea legezko izatea, Espainiatik kanpo Europako Batasunean (EB) egotea posible bada, eskubide hori gauzatzeko.
Horretarako, baina, Espainiako Konstituzioa aldatu behar da. Ostikoka bota ahal izateko, hanka asko behar dituen pareta da; guztien artean hondeamakina bat erosita botatzeko hobea. Hori badaki alderdi jeltzaleak, eta Ibarretxeren planarekin gertatu zena gerta ez dadin, proposamena legebiltzarrera eraman aurretik alderdien arteko akordioa lortzen saiatuko da. Legebiltzarrean gehiengo handiz onartuko delaseguru eduki nahi du, Espainiako Gorteetara haiek uko egin ezin izateko moduko babesaz joateko.
Itun hori lortzea izango da gakoa. Eta ez da erraza izango. PPk eta PSE-EEk ez dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko interesik; aurrenak garbi dauka Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiaren barruan behar duela, eta bigarrenak autogobernuan sinesten du, Espainiaren eta Europaren barruan, Gernikako Estatutuak ematen dion autogobernuan. EAJren jarrera anbiguoagoa da. Espainiatik kanpo egon nahiko luke, baina Europako Batasunetik kanpo inolaz ere ez. EBren barruan egoteko aukera badago, independentziarako bidea har dezake, baina, bestela, Espainiaren barruan autogobernu handiagoaren bila joango da.
Euskal Herria Bilduk, berriz, argi esan du: independentzia du helburu, EBren barruan. Erabakitzeko eskubidea legearen barruan sartzearen kontra egiteko arrazoirik ez dauka, baina ezinezkoa bada, alde bakarreko erreferenduma egitea ere ez du baztertzen. Hori egiteko ere gehiengoaren babesa beharko du.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa
Erabakiaz erabakitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu